Administrazio laikoaren aldeko mozioa

Errenteriko udalean aurkeztua 2019ko azaroaren 24ean

ADMINISTRAZIO LAIKOAREN ALDEKO MOZIOA

 

Historian zehar sinesmen erlijiosoek eragin handia izan dute jendartean eta pertsonengan, bizitzan aurrera egiteko nahiz gatazkak sortzeko. Egun, aldiz, eboluzioaren ondorioz, jada, sinesmen erlijiosoei eremu pribatua dagokiela pentsatzen dugu; bakoitzak berea du eta, besteekin bat egiten ez badute ere, kalterik egin ezean, norbanakoak errespetua merezi du.

Sinestunen elkarteek legearen aurrean beste elkarte zibilek duten balio bera dutela pentsatzen dugu. Erlijioak norberaren eremu pribatuari dagozkion mugak ditu. Beraz, sinestunen elkarteek ez dute sinestun ez diren herritarren gainetik egon behar. Historian ikusi dugunez, talde erlijiosoek, inork demokratikoki hautatuak izan gabe, agintea hartu izan dute Estatuaren beso ideologiko bihurtuz.

Laikotasuna, aldiz, jendartearen askatasuna eta osasun demokratikoa bermatzen dituen araua da. Mundua eta pertsona guztion giza eskubideen betekizuna ulertzeko ikuspegi irekia da. Beraz, herritar guztien onerako eta etorkizun hobea helburu, sen demokratikoa barneratzen duen laikotasunaren filosofia errebindikatzen dugu.

Udal honek ohitura eta ekintza erlijiosoekiko aldaketa keinuak egin baditu ere erabaki horiek ez dira nahikoa izan, benetako administrazio laikoa lortzeko bidean.

Herritarron ohiko bizimodu eta zerbitzu materialak kudeatzeaz gain, formazio eta zilegitasun demokratikoan aurrera egitea ere behar dugu. Elkartasunik ezak,

xenofobiak, matxismoak, intrantsigentziak… iturburu ideologikoa dute. Aniztasuna errespetuz ulertu behar da. Errespetu hau kontuan hartuta, Administrazio publikoak pertsonen etengabeko bilakaeran sormena, pentsamendu librea… sustatu behar du.

Hauxe da gure iritzia. Administrazioari erabakiak hartzea dagokio; bide batetik edo bestetik joateak erantzukizun politikoa du bere baitan.

Hori guztia dela eta, Udalbatza honi ondoko erabakiak har ditzala eskatu nahi diogu:

1)Eliza Katolikoak immatrikulatu dituen herriaren ondasunak herriari itzultzeko izapideak (politikoak zein juridikoak) egin ditzala.

2) Eliza Katolikoak bere ondasunengatik duen zerga-salbuespena, OHZ ez

ordaintzekoa izan ere, deuseztatzeko behar diren izapideak egin ditzala.

3) Bizitza berri bat dela eta, ongi etorria eman diezaiogun; edota senide nahiz lagun baten heriotzagatik dolua adierazi nahi izanez gero, modu zibilak abian jarri nahi dituzten herrikideentzat egokiagoa eta erosoagoa den eremu bat eskatzen dugu.

4) Udalak antolatu edo diruz laguntzen dituen jaien egitarauetan eta bestelako ekintzetan jarduera erlijiosorik ez agertzea eskatzen dugu.

5) Udalak urtero hainbat kultur elkarterekin edo bestelakoekin egiten dituen hitzarmenetan ez dadila izaera erlijiosozko jarduerekiko konpromisorik har.

6) Azkenik, mozio honen bidez hartuko diren erabakien berri dagokionari ematea.

ORERETA LAIKOA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Kolaboratu