Aralarko Mikel Basabaren legez besteko proposamena eskola laikoari buruz

 

Eusko Legebiltzarreko Mahaiari

 

Aralar taldeko legebiltzarkide Mikel Basabe Kortabarriak, indarrean den Erregelamenduaren babesean, “Espainiako Erresuma eta Vatikano Hiriaren artean sinaturiko ituna denuntziatzeari buruzko” hurrengo LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA aurkezten du, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin:

ZIOA

1979ko urtarrilaren 3an, Espainiako Erresumak eta Vatikano Hiriak ituna sinatu zuten, “irakaskuntza eta kultur gaiei buruzkoa”, hain zuzen ere. Itun hori oraindino ere indarrean dago, eta zenbait betekizun ezartzen dizkio irakaskuntza publikoari, baita Euskal Autonomia Erkidegokoari ere. Besteak beste, itun horrek behartu egiten du EAEko hezkuntza publikoa erlijio katolikoa eskaintzera, eskola-ordutegiaren barruan. Eskaintza hori betetzeko, maisu-maistrak eta irakasleak jarri behar dira hezkuntza publikoan, diru publikoarekin ordaindurikoak. Kontratazioa zuzenean administrazioaren eta erlijio katolikoaren eskolak emango dituen pertsonaren artean egiten bada ere, administrazioak derrigor aukeratu behar du eskola dagoen barrutiko gotzainak lan horretarako proposatzen dituen pertsonen artean. Gotzainak pertsona botatzea erabakitzen badu, gertatu izan den legez, eta langileak epaitegietara jo, administrazioak erantzukizuna dauka, kontratua ez baitu eliza katolikoak sinatu, baizik eta administrazio publikoak.

Itun horretan bertan hau ere jasotzen da: “ikastetxe publikoetan emango den irakaskuntza bat etorriko da etika kristauaren balioekin”. Argi dago eskola publikoari betekizun hori jartzea gehiegikeria dena, garaiko sozietatearekin bat ez datorrena, gainera.

Kultur gaiei dagokienez, Espainiako Erresumaren eta Vatikano Hiriaren itun horretan hedabide publikoei ere jartzen zaie betekizunik: “katolikoen sentimenduak errespetatu egin behar” direla hedabide publikoetan. Beste edozein erlijiotako kideekin ere planteamendu bera sinatzea ez litzateke onartuko, ezta planteamendu hori gaur egun sinatzea ere. Argi dago, bestetik, bete ere ez dela betetzen.

Hori dela eta, hurrengo legez besteko proposamena aurkezten du:

LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA

1.-        Eusko Legebiltzarrak Espainiako gobernuari eskatzen dio denuntzia dezala Vatikano Hiriarekin 1979an irakaskuntza eta kultur gaiei buruz sinatu zuen ituna.

 

2.-        Eusko Legebiltzarrak eskola publiko laikoaren alde egiten du, eta eskola publikoan ezein erlijioren irakaskuntzarik egin ez dadin lan egiteko konpromisoa hartzen du.

 

Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 3an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Kolaboratu