Aralarko Mikel Basabek aurkeztutako legez besteko proposamena ordezkapenetaz

 

Eusko Legebiltzarreko Mahaiari

 

Mikel Basabe Kortabarria Aralar taldeko legebiltzarkideak, indarrean den Erregelamenduaren babesean, “ikastetxe publikoko ordezkapen buruzko” hurrengo LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA aurkezten du, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin:

ZIOA

Hezkuntza-sistema publikoan erlijio katolikoa emateko kontratatzen diren irakasleak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraitu barik kontratatzen dira, gotzaindegia delako irakasle nor aritu daitekeen erabakitzen duena. Hori larria bada berez, are larriagoa da sistema publikoan ate bereizi horretatik sartzen diren irakasleek beste ikasgai batzuk emateko aukera izatea, zeren horrek irakasgai horretako zerrendetan dauden irakasleek berdintasunean lehiatzeko duten eskubidearen kontra egiten baitu: erlijioa emateko kontratatu den pertsona batek beste ikasgai batzuk ematen dituenean, ikasgai hori emateko zerrendetan dauden pertsonek lan aukerak galtzen dituzte. Horretaz gainera, erlijioa emateko ate bereizi horretatik sartzen diren irakasleek beste abantaila bat dute: erlijio-eskolak emanez betetzen duten denbora puntu bihurtu, eta beste ikasgai batzuetako zerrendetan aurrera egiteko erabili ahal izatea. Horrek, gure ustean, urratu egiten du gainerako irakasleek berdintasunean lehiatzeko duten eskubidea.

Eskola publikoan erlijioa ematen jarraitzen den bitartean, argi dago aterabide logikoena litzatekeela erlijio-irakasle horien kontratazioa gainerako irakasleen kontratazioa egiten den modu berean egitea: berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraiturik.

Hori dela eta, hurrengo legez besteko proposamena aurkezten du:

LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA

1.-        Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatzen dio erlijioa emateko kontratatzen diren irakasleek erlijioa baino ez dezatela eman.

2.-        Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatzen dio ikastetxe publikoetako ordezkoen zerrendak egitean, ez ditzala erlijioa emateagatiko puntuak beste zerrendetarako kontuan izan.

 

Gasteiz, 2011ko maiatzaren 25ean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Kolaboratu