elizak berea dena erregistratzen du

berria 2014-05-04

 

Immatrikulazioak

“Elizak berea dena erregistratzen du”

Iruñeko Artzapezpikutzak dio ez dela ari herri ondasunak “bereganatzen”, eta “defendatu” beharra daukala hori egin nahi duten udalerrietatik.

2014-05-04 / A. Sarasola

Elizak isilpean egin ditu immatrikulazio prozesu guztiak, eta udalerriek erregistroetara jotzean izan dute aldaketa horien berri. Nafarroan, tokian tokiko udalek eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak eginiko salaketek dozenaka kasu eman dituzte argitara, eta, herrialdeko sektore askotan sortutako zalapartak eraginda ziurrenik, azalpenak eman zituen azkenean Iruñeko Artzapezpikutzak.2007ko apirilean, hainbat hedabidetan Jose Mari Esparzak idatzitako Eskandalu monumentala artikulua argitaratu ostean, Iruñeko Artzapezpikutzak prentsa oharra kaleratu zuen, “zehaztapen batzuk egiteko”. 1998ko lege aldaketekin, Eliza “tenpluak eta kultuko lekuak” erregistratzen hasi zela azaltzen du oharrean; inskripzio guztiak “inolako gatazkarik edo auzibiderik gabe” eraman direla aurrera, eta “legeari jarraiki”, gainera. “Elizak tenpluen eta gurtza lekuen gainean duen jabetza eskubidearen aldeko iritzia, zeina aldiro bere gurtza ekintza ugarien bidez erabili den, ia aho batezkoa da, tradizio historiko eztabaidaezin batean oinarritua, eta iritzi horri formaltasun juridikoa emateko egin dira erregistroak, ondorio guztietarako”. Horiek ez direla “irabazi asmoekin” egin zehazten du, “lege arrazoiengatik eta kudeaketa eraginkorrago baten alde” baizik. Ondarea egoera onean mantentzeko Elizak egiten duen ahalegina goraipatu, eta eginiko salaketak “irmo gaitzetsi” zituen artzapezpikutzak, eta datuak “demagogikoki manipulatu” zirela salatu.

Handik hilabete batzuetara, zalapartak bere horretan jarraitzen zuela eta, “informazio oharra” helarazi zien apaizei artzapezpikutzak, “zenbait kontu argitzeko”. Bertan zioenez, “Elizak eraiki zirenetik du bere tenpluen jabetza baketsua, duela 300, 500 edo are 1.000 urtetik. Harrigarria litzateke plataforma horrek [Nafarroaren Ondarearen Defentsarako Plataformak] orain deskubritu izana mendeotan guztiotan herritarrek eta udalek galdegin ez dutena”. Tenpluak herrietan Elizaren ekimenez eta kristau herriaren mesedetan eraiki zirela dio, eta “historian jabetza argiro Elizak” izan duela gehitu du, Elizaren erregistroetan “erabat dokumentaturik” dagoela hori. “Kasu askotan, udalak egon baino askoz ere lehenagotik dira tenpluak Elizaren jabetzakoak”.

Ondasunak erregistratzeko aukera hori legez aitortu zitzaiola gogorarazi du, halaber, baina ez direla erregistratzea eta jabetza kontzeptuak nahastu behar: “Jabetza bat erregistroan inskribatzeak ez du jabetza ematen, soilik komunikatu egiten du, publiko egiten du. […] Erregistroak aurrez zegoen errealitate bat publiko egin, besterik ez du egiten: gauza hori erregistratzen duenaren jabetzakoa dela”.

Zenbait hedabideri eskainitako adierazpenetan ere jarrera bera defendatu du Iruñeko Artzapezpikutzak. Espainiako kazeta bati 2011n idatziz adierazi zionez, “Elizak ez ditu eraikinak inskribatzen haiek bereganatzeko, bereak direlako baizik”. Beste kontu bat da, haren ustez, “udal batzuek bereganatu nahi izatea”, horren aurrean “defendatu” beharra daukala iritzita. “1998ko legea betetzen dugu: Elizak berea dena erregistratzen du”.