Elizatik pasa gabe

“Gipuzkoako Hitzan” argiratatua 2015ko ekainaren 26an. Iñaki Olaizolaren artikulua

 

Elizatik pasa gabe hil

2015(e)ko Ekainak 26

Nork

The End”. Halaxe jartzen du Buster Keaton aktorearen epitafioan. Ezohikoa da, epitafio tradizionaletatik ateratzen dena, apurtzailea bere garaian, baina ez da bakarra. “Barkaidazue ez altxatzea”, jartzen du Groucho Marxenean; “Gehiago bizi ez banaiz, denbora eman ez didalako izan da”, Sadeko Markesarenean; “Jainkoari bakarrik eskatzen diot gupida izan dezala ateo honen arimarekin”, Miguel de Unamunorenean. Pertsonaia famatu askok dituzte halako idatziak hilarrietan, eta zabaltzen ari da halako formulak erabiltzea.

Antzeko hainbat adibide jaso ditu Iñaki Olaizola antropologoak Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria liburuan. Haren aburuz, hainbat mendetan “Elizaren monopoliopean” egon da heriotza eta haren liturgia guztia, baina hori hausten ari da, eta gero eta gehiago dira hileta zibil edo laikoak aukeratzen dituztenak, hileta tradizionalek dituzten irizpideetatik irteten diren formulak hautatzen dituztenak, eta ez bakarrik epitafioetan.

“Gorabidean dira hileta laikoak —nik nahiago laikoa adjektiboa erabiltzea—. Horrek esan nahi du oraindik definitzeko dagoen eredu bat dela, diskurtsoa eraiki gabe dagoela, forma zehazteko dagoela eta mugak ere ezarri gabe daudela. Baina, dudarik gabe, nagusitzen ari den eredu bat da. Bidea egiten ari da, hegemonikoa izatera iritsi arte, eta iritsiko da”. Euskal gizartean sinistunen kopurua oso txikia dela dio Olaizolak —”benetako sinistunak %7ra ez dira iristen”— eta, ondorioz, apurka-apurka hileta laikoak nagusitzen joango direla.

5678394

Udal ordenantzak

Horren adibide izan daiteke Gipuzkoako udal gehienek onartuak dituztela hileta laikoei buruzko ordenantzak. Badira ordenantzarik ez duten herriak —Donostia eta Eibar, kasurako—, baina horietan ere egokituta dauzkate hileta laikoetarako tokiak: Donostian, adibidez, Polloeko hilerrian dago gela bat egokituta.

Udal ordenantza gehienetan modu bertsuan arrazoitzen dute hileta laikoak arautzeko beharra; “estatu ez-konfesional eta laiko batean askatasun ideologiko eta erlijiosoa” bermatzea administrazioaren egitekoa dela, eta ordenantzek “hil ondorengo hileta edo omenaldi zibilak egiteko behar sozialari” erantzuten diotela. Ordenantzak dituzten herrietan, hiletak egiteko tokia zehazten da: Zaldibian, esaterako, “Herri Antzokiaren aurreko plazan, eta, eguraldiak laguntzen ez badu, antzoki barruan”; Beasainen, Igartzako Monumentu Multzoan; eta Zarautzen, Villa Mundan edo Etxezabalan.

Beilatokiek ere badauzkate hileta zibilak egiteko tokiak atonduta. Haizea Sanz Vascongada Ehorztetxeak enpresako sustapen arduradunak dioenez, ordea, ez da egiten hileta zibil asko. “Urtean hiruzpalau”. Errekaldeko beilatokian areto bat dute prestatua hileta zibilak egiteko. “Batzuek hilerrira joan aurretik azken agur txikia egiteko baliatzen dute, izan laikoa edo izan erlijiosoa —gurutzea jarri eta kendu egiten dugu—. Senideek, aretoa ikusi, eta erabil dezaketen galdetzen digute, baina inprobisatu samarra izaten da”.

Sanzek ez daki ezezagutzagatik edo inertziagatik den, baina uste du gehiengo handi batek hileta elizkizun tradizionala aukeratzen duela oraindik. “Agur ekitaldi zibilak oso gutxi egiten dira. Guk zerbitzua eskaintzen dugu hileta zibila antolatzeko, gu arduratzen gara guztiaz, musikaz, diapositibez… baina oso gutxi erabiltzen da”. Ezagutzera eman nahi dute zerbitzua. “Landu beharko dugu gaia jendeak aukera badagoela jakin dezan”.

Leku egokia

Olaizola ez dator bat. Ez du uste hileta laikoak hain minoritarioak direnik. “Hiletetan lekua oso garrantzitsua da, eta, agian, beilatoki bat ez da egokiena”. Antropologian lekuak eta ez-lekuak ezberdintzen direla dio. “Leku antropologikoak goxotasuna, hurbiltasuna eta talde sentimendua eragiten ditu. Ez-lekuen adibidea aireportu bat litzateke. Eta beilatokiek, lan garrantzitsua egiten duten arren, agian ez dituzte betetzen leku antropologiko batek eskatzen dituen ezaugarriak”.

Ildo horretan, Olaizolak argi du zein litzatekeen toki egokia hileta laikoak egiteko: eliza. “Elizak toki ederrak dira”. “Gainera, hiletek solemnitatea behar dute, handitasuna. Orduan, bi aukera ditugu: toki berriak eraiki eta sortu, edo dauden tokiak aprobetxatu eta birziklatu. Zergatik ez erabili katedral bat hileta laikoa egiteko? Gainera, katedral horiek herriaren diruaz eraiki dira”.

Europan eliza ugari desakralizatuta daudela dio Olaizolak. Belgika, Herbehereak eta Alemania jarri ditu adibide. “Elizak desakralizatuz gero, hileta erlijiosoa nahi duenak arazorik gabe egin dezake bertan, baina eraikina aprobetxa daiteke beste gauza askotarako ere. Kontzertuak egiten dira katedraletan, zergatik ez hileta laikoak? Noski, Eliza katolikoari kontzertuak egiteak ez dio axola, baina hileta laikoena beste kontu bat da, bere monopolioa hausten duelako”. Elizek administrazio bikoitza izatea proposatzen du Olaizolak. “Administratzaile laiko bat izatea, ekitaldi laikoetarako, eta administratzaile erlijiosoa, liturgia erlijiosorako”.

Eliza katolikoarekin oso kritikoa da Olaizola, batik bat heriotzari lotutako kontuetan. “Elizak ez du bere lana ondo egiten”. Hernaniko adibidea jarri du. Urtean gutxi gorabehera populazioaren %1 hiltzen dela kontuan hartuta, Hernanin 200 lagun inguru hilko lirateke urtean. “Baina, lehen, Hernanin hamasei apaiz ziren, eta orain apaiz bakarra dago. Nola pertsonalizatuko du erritua apaiz horrek? Ezin da. Denentzat meza bera edo antzekoa egiten da; berdin du hildakoa nor den”.

Are gehiago, hileta elizkizunak binaka ere egiten hasi direla salatu du Olaizolak. “Hor ibiltzen da apaiza, nahastuta, ‘Eva eta Jose Antonio’, gero ‘Juan Antonio eta Eva’, bat erdalduna, bestea euskalduna. Hori ez da modua”.

Hileta, ekintza soziala

Gainera, Olaizolak dio hileta elizkizunetara joaten den jendea ez dela joaten ekintza erlijioso batera, “ekintza sozial batera baizik”. “Asko atean gelditzen dira, eta barruan inork ez daki noiz zutitu eta noiz eseri behar duen. Argi dago; hileta batera joaten denaren helburua ez da erlijiosoa, hildakoari agur esatea eta familiarekin egotea baizik”.

Hala, Elizaren lan eskasari eta jendeak hileta batean bilatzen duenari erreparatuta, egokiagoa ikusten du hileta laikoa egitea. “Hileta laikoa esan beharrean, agur, omenaldi edo oroimen ekitaldia ere dei dakioke. Izenak ez du axola, baina bada garrantzitsua, eta oraindik egin gabe dago, diskurtsoa eraikitzea”.

Hileta batek in memoriam moduko bat izan behar duela uste du antropologoak. “Garrantzitsua da hitz egiten duenak diskurtsoak egiten jakitea, eta, gero, hildakoaren biografia egin behar da: non jaioa den, non bizi zen, haurtzaroa, seme-alabak, familia, lana, gizarteari egin dion ekarpena…”. Diskurtsoa laguntzeko, bestalde, hildakoaren gustuko musika, argazkiak, dantza, bertsoak… edozer izan daiteke osagarri. Horrek giro berezia sortzen duela uste du Olaizolak, hileta erlijiosoetan inondik inora gertatzen ez dena.

Ados dago horretan Haizea Sanz ere. “Aitari hileta zibila antolatu nion, beilatokiko gela multikonfesionalean. Zerbait pertsonalagoa izan zen, aitari egindako omenaldi moduko bat. Berezia”.

Berezitasun horrek ematen dio balioa, Olaizolaren ustez, hileta laikoari. Hala ere, badu kezka. “Ez da berdin zahar hiltzea edo gazte hiltzea. Egun, jende asko zaharrez hiltzen da, eta horietako batzuek jada ez dute inor, ez inguru sozialik, ez familiarik. Nola antolatu, orduan, hileta laiko biografiko eta pertsonala? Zaila da”.

Hain zuzen ere, horregatik iruditzen zaio garrantzitsua diskurtsorako formula estandarizatuak sortzea. “Noski, ez da gauza bera pertsona ezagun baten biografia egitea edo kaleko edozein pertsonaren biografia egitea. Baina guztiok dugu zerbait, guztiok uzten dugu arrasto bat, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta hori nabarmendu behar da”. Herbehereetan, esaterako, diskurtsoak prestatu eta ematen dituzten profesionalak daudela dio.

Hala ere, gero eta gehiago ikusten du Olaizolak hil ondoren berarekin zer egingo duten bost axola dion jendea. “Egin dezatela nahi dutena nirekin”, “egin dezatela merkeena”. Horrelako erantzunak ugari jaso ditu antropologoak. Baina bada hil ondorenerako nahi duena idatzita uzten duenik ere. Ez dira asko —Gipuzkoan 4.927 besterik ez, eta erdiak baino gehiago 65 urtetik gorakoak—, baina egon badaude. Honako hitz hauek jaso zituen Olaizolak libururako ikertzen ari zenean. “Erraustu nazatela, eta gero egin dezatela zerbait, berdin dio elizatik izan edo ez. Baina jar dezatela Smile abestia. Une gogorretan, eguzkiak berriro berotuko ez duela ematen duenean, egin irribarre. Oroitzapen on bat utzi nahi dut”.

Zorroagako elizan hileta laikoak egiteko bidea, oraingoz, itxita

Eliza dotorea da Zorroagakoa. Argitsua, beirategi ederrak dituena, handia… Han egin zioten azken agurra Nestor Basterretxea artista handiari, iazko uztailean. Hileta zibila izan zen, edo laikoa. Iñaki Olaizola antropologoak hileta laiko batentzako ezinbesteko jotzen duen solemnitatearekin egindakoa. Hainbat lagunek hartu zuten hitza, tartean Jose Angel Irigarai idazleak, Andoni Egañak bertsotan egin zion agurra, Kukai taldeak ere egin zion dantza…

“Gu han izan ginen, eta asko gustatu zitzaigun; iruditu zitzaigun Nestor Basterretxeari aukera eman bazitzaion herritar guztiek izan behar zutela aukera bera”. Jon Albizuren hitzak dira. Oraindik EH Bilduko zinegotzi zela hitz egin zuen Hitza-rekin gaiari buruz. Lau urtetan Zorroaga fundazioko lehendakariorde izan da Albizu, eta Juan Karlos Izagirre alkatea izan da lehendakari.

Hala, EH Bilduko kideek egin zuten proposamena fundazioan: Zorroagako eliza hileta laikoak egiteko irekitzea. Maiatzaren 4an egin zuten gaia aztertzeko bilera. EAJk, PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, eta, oraingoz behintzat, donostiarrek ez dute aukera hori izango.

Donostian, Polloeko hilerrian dago gela bat hileta zibilak egiteko. “Baina gune txiki bat da, eta ikusten genuen toki hobe bat bilatzeko beharra zegoela. Zorroagako eliza toki interesgarria iruditu zitzaigun”, azaldu du Albizuk.

Zorroagako eliza udan bakarrik erabiltzen da meza emateko, baina, horretaz gain, bestelako erabilpena ere ematen zaio: kultur ekitaldiak, Musika Hamabostaldiko kontzertuak, eta baita moda desfileak ere. “Zergatik ez hileta laikoak egin?”, galdetu du Albizuk.

Albizuri ez zaio ulergarria egiten alderdien erantzuna. PPrena espero zutela dio, baina EAJrena eta PSE-EErena, ez. “Batetik, esan ziguten ez dela toki egokia, eta, bestetik, eliza desakralizatzeko arriskua dagoela. Eta ni ez naiz zuzenbide kanonikoan aditua, baina nik pentsatzen dut moda desfile batek gehiago desakralizatuko duela, ezta?”.

Hauteskunde atarian egin zuen EH Bilduk proposamena, eta horrek eragina izan zezakeela iruditzen zaio Albizuri. Halere, itxaropena du orain hasi berri den agintaldian onartuko dutela.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Kolaboratu