Geometria espazial hutsa da laikotasuna»

“berria” argitaratua

 

«Geometria espazial hutsa da laikotasuna»

Ez dago Elizaren kontra, Elizak botere zibilean esku hartzearen kontra baizik. Laikotasunari, palioaren erabilerari eta kargu publikoek ekitaldi erlijiosoetan parte hartzeari buruzko saiakera bat egin du Morenok.

 IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS 
2019ko irailak 19

Erakunde publikoak eta erlijioa banaturik direla diote legeek, baina ez da betetzen, Hego Euskal Herrian behintzat. Hori aztertu eta salatu du Victor Morenok (Alesbes, Nafarroa, 1951) Pamielarekin kaleratu duen liburuan: Con el palio hemos topado (Palioarekin egin dugu topo).

Berriz egin duzu topo Elizarekin?

Egia esan, Elizak ez du tokirik saiakera honetan. Helburua da aztertzea zergatik politikariek ez dioten inolako jaramonik egiten [Espainiako] konstituzioaren 16.3. artikuluari. Kontzeptu batzuei buruzko hausnarketa ere egin dut: laikotasuna, antiklerikalismoa, tolerantzia, erlijio askatasuna… Palioari, laikotasunari, tradizioari eta ordezkaritzari buruzko ikerketak lagun izan ditut saiakera honetan.

Palioa zikin dago?

Hitzak ez du errurik. Hasieran, palioa erritu erlijiosoaren parte bat zen: pope erlijiosoak eta jainkotasuna irudikatzen zuen fetitxea haren azpian joaten ziren. Eliza eta Estatua elkartu zirenean, kontzeptua oker erabiltzen hasi zen. Orduan hasi ziren erregeak palio azpian desfilatzen. Gero, Franco kolpistaren txanda izan zen, eta Elizaren zilegitasuna lortu zuen. 40 urtez palioa nazionalkatolizismoarekin lotu zen. Ez dut uste palioa zikin dagoenik, baina Elizaren eta Estatuaren arteko batuketa irudikatzen du. Horregatik, politikariek palioa laguntzen dutenean prozesio erlijiosoetan, Francok egin zuena egiten dute: botere erlijiosoari men egin.

Laikotasuna ez da soilik ateoen afera?

Estatu laikoaren oinarriak kristau sinestunen eskutik datoz; bat bera ere ez zen ateoa. Marsilio de Padua eta Thomas Hobbes ez ziren ateoak. Hala ere, ez zuten onartzen Eliza botere zenik. Bestela, usurpaziotzat joko zuten, botere zibila baitzen onartzen zuten bakarra. Laikotasuna ez da ateoa, ezta erlijioaren edo Elizaren kontrakoa ere. Laikotasuna geometria espazial hutsa da. Eliza bere aferez arduratzea nahi du, alor zibilean sartu gabe. Elizak bere burua finantzatu behar duela esatea, Estatuaren laguntzarik gabe, justizia da.

Ez da tradizioa soilik, erlijioa da?

Batzuetan, ez bata, ez bestea: errutina ez besterik.

Tradizioa aitzakia da politikarien parte hartzea justifikatzeko?

Arazo politikoa dute, oraindik ere ez dute ulertzen lege zibilak eta konstituzioa haien sinesmen pertsonalen gainetik daudela, tradizio batean oinarrituak badira ere. Politikariek gizarteko aniztasunaz irri egiten dute, herritarren ordezkari direlakoan, gainera. Erlijioa, identitate elementu gisa, oso arriskutsua da elkarbizitzarako: banatu egiten gaitu; ez du kohesiorik sortzen.

Zergatik ezkerra ez da gai tradizio erlijiosoak alde batera uzteko?

Politikariek uste dute gizartearen ordezkari direla, eta ordezkapen hori jarduera publiko eta instituzional guzietara zabaltzen dute. Baina hauteskundeetan aukeratutako politikariek ez dute inor ordezkatzen. Ordezkatzekotan, Estatuaren interesak ordezkatuko dituzte, baina ez herritarrenak. Bestalde, uste dute erlijioaren adierazpenen kontra egiteak boto galera ekarriko diela, baina ikuskizun dago hauteskundeetan zer gertatuko litzatekeen baldin eta estatuko gobernuan jardunean diharduen alderdiak egunen batean erabakiko balu indargabetzea konkordatua, zeinak Elizarekiko mendekotasun ekonomiko itzela ezartzen baitio.

Nafarroan, bestak eta erlijioa bat izan ohi dira. Lotura hautsi liteke?

Elizak eskubide osoa du bere erakundearen dirdira lau haizeetara zabaltzen duten ekitaldiak antolatzeko. Botere zibilari baimena eskatzearekin aski du bere jaiotzak muntatzeko. Baina udalek ez dute parte hartu behar. Are, egitarauetan ere ez lirateke agertu beharko.

Sanferminetako prozesioan pankartak ateratzeko ideia bota zenuen, politikariei eskatzeko ez dezaten bertan parte hartu.

Ez soilik sanferminetan: 16.3. artikulua urratzen den edozein ekitaldi erlijiosotan. Nafarroan asko dira: Aralar, Leire, San Saturnino, Besta Berri, San Fermin, Frantzisko Xabierkoa… Izan ere, Nafarroako politikariek ahantzi egin dute zer motatako estatuan bizi diren. Kataluniak eztanda egiten duenean edo foraltasuna zalantzan jartzen denean baizik ez dira oroitzen konstituzioaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Kolaboratu