Hirugarren laukitxoa

“berria”n argitaratua

Zergetako diru publikoa, Elizara bidean

2015-10-23 / Mari Jose Molina

Laikotasunaren aldeko kolektiboak haserrea adierazi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duelako errenta aitorpeneko inprimakietatik hirugarren laukitxoa kenduko duela. Asmo txarreko informazioen aurrean, lehenik eta behin argitu nahi dugu ez zitzaiola sekula utzi Elizari edo helburu sozialak dituztela deritzoten erakundeei %0,7 emateari. Soilik finantzaketa eredu berean hirugarren laukitxoa gehitu zuten, herritarrak hala nahiko balu, 0,7 ez emateko Elizari eta helburu sozialak dituzten erakundeei. Administrazio publikoari zergak pagatu eta gero beraiek kudeatzen dute dirua.

Gizarte demokratiko batean ezinbestekoa da administrazio publikoa eta Eliza bereiztea. Herritarrak ez du bere zergen diruarekin ez Eliza, ezta beste erlijiorik ere finantzatu behar. Elizak bere sinestunen edo dirua eman nahi dioten herritarren bitartez finantzatu beharko luke.

Gipuzkoarentzat albiste txarra da aurreko legealdiko foru gobernuak hirugarren laukitxoa jarrita egin zuen pauso lotsati horretan atzera egin izana.

Eta oso albiste txarra da eremu publikoari dagozkion gaietan beste behin ere Elizaren esku hartze lotsagabea begi bistan geratzea. Gai horiek, eremu publikoarenak, herritar guztiei dagozkie, eta ez erakunde pribatu jakinei.