Elizaren erresuma bada mundu honetakoa/ El reino de la iglesia sí es de este mundo.
«www.berria.eus» argitaratua
Elizaren erresuma bada mundu honetakoa
Nafarroako Gobernuak ikerketa talde bat sortuko du, Eliza katolikoak bere izenean jarritako ondasun komunalak identifikatzeko eta berreskuratzeko.
Ion Orzaiz 2024ko martxoaren 24a 05:00 Entzun 00:08:01
Ez dira elizak soilik. Ezta basilikak, apaiztegiak edo ermitak ere. Gehienak ez dira tenpluak. Askok eta askok ez dute izaera erlijiosorik ere: nekazaritzako lurrak dira, olibondoak eta zereal lursailak, herrietako etxeak eta etxabeak, finkak eta hilerriak. Baita parkeak eta museoren bat ere. Nafarroako Gobernuak 2021ean eginiko txosten baten arabera, Eliza katolikoak ia 3.000 ondasun immatrikulatu zituen herrialdean, 1900 eta 2015 bitartean. Eta horietako asko lur komunalak ziren. Herritar guztien ondarea, alegia.
Hain zuzen, hori jakin nahi du Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuak: Elizak bere izenean jarritako ondasunen artean, zeintzuk diren herrietako lur komunalak eta, hortaz, zenbatetan abia daitekeen horiek berreskuratzeko prozedura juridikoa. Izan ere, ondasun publikoen izaera bera dute komunalek, 6/1986 legearen arabera. Horrek esan nahi du ondasun horien estatus juridikoa blindatuta dagoela: ezin dira besterendu edo enbargatu, eta preskribaezinak dira. Nafarroako Gobernuak urtarrilean eman zuen immatrikulazioak ikertzeko asmoen berri, eta orain, Landa Garapeneko kontseilari Jose Maria Aierdik azalpen gehiago eman dizkie Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioari eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformari, iragan astean izandako bilera batean.
«Oso urrats garrantzitsua da», laburbildu du Andres Valentinek, plataformako bozeramaileak. «Aurreko legealdian, gobernuak informazio ugari bildu zuen immatrikulazioen inguruan. Txosten horri esker jakin genuen, besteak beste, 1998tik aurrera izugarri bizkortu zirela immatrikulazioak, eta horien artean pisu handia hartu zutela landa eremuko ondasunek. Uste dugu Elizak bere izenean jarritako ondarearen zati handi bat komunala izan daitekeela, herriei ebatsia». Zer gertatu zen 1998. urtean, ordea? Zergatik jotzen da mugarritzat immatrikulazioen auzian?
Aznar, gotzainen aita ponteko
Alderdi Popularra Espainiako Gobernura iritsita, frankismo garaiko lege bat moldatu zuen Jose Maria Aznar presidenteak, immatrikulazioak errazteko. Eliza katolikoari are ahalmen gehiago eman zizkion erreforma horrek, zabaldu egin baitzuen immatrikulatuak izan zitezkeen ondasunen zerrenda. Hala, 1998ko legea indarrean sartu zenetik, gotzainek aukera izan zuten ia edozein ondasun beren izenean erregistratzeko, aurretik inoren izenean ez bazegoen. Funtsean, Aznarren erreformak notario baten eskuduntzak aitortu zizkion Elizari.
Jose Mari Esparza editorea izan zen auzia azaleratu zuten lehenetako bat, Tafallako Santa Maria elizaren erregistro agiria topatu baitzuen, liburu baterako dokumentazio lanetan ari zela. Esparzak berak sustatu zuen Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformaren sorrera, beste hainbat kiderekin batera, eta ordutik, «borroka luze eta neketsu» bati lotuta ibili dira elkarteko kideak. «Aintzat hartu behar dugu gure arerioa ez dela nolanahikoa; Eliza katolikoa da parez pare duguna», azaldu du Valentinek.
Plataformaren lanak fruitua eman zuen 2021ean, Elizak bereganatutako ondasunen inbentarioa egin baitzuen Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak: 2.952 elementu zenbatu zituzten guztira. Gobernuak parlamentuan aurkeztu zituen ikerketa horien emaitzak, eta baita salerosketa eta immatrikulazio operazio horien erregistroak ere. Azaldu zutenez, Artzapezpikutzak immatrikulatutako ondasunen herenak tenpluak dira, eta horien artean dira bi katedral, ehunka eliza, erretore etxeak eta baselizak, besteak beste. Horiez gain, lursail asko ere bereganatu dituzte (nekazaritzako lurrak, baratzeak, olibondoak, mahastiak, lehorreko lurrak, zereal lursailak, basoak…), eta baita 187 etxebizitza, 101 finka, 36 etxabe eta zazpi eraikin oso ere. Ezohiko higiezinak ere bere izenean jarri ditu Elizak hamarkada hauetan guztietan: besteak beste, dozena bat hilerri, frontoiak, museoak, parkeak, zahar etxe bat eta erretiratuen elkarte bat. Guztira, 4.107.000 metro koadro. Hau da: Iruñearen eremu osoaren %20 edo Burlatarena halako bi; eremu hori hartzen dute Elizak Nafarroan immatrikulatutako ondasunek.
Arnasa luzeko prozesua
2021eko txostena argitaratu ostean, aurreko gobernuaren asmoa zen ikerketaren bigarren faseari lehenbailehen ekitea, jakiteko asmoz ondasun horietatik zenbat berreskura daitezkeen. Egitasmoa, baina, linbo administratiboan trabatuta egon da orain arte, ez aurrera ez atzera. «Aurtengo aurrekontuen eztabaida parlamentarioan, immatrikulazioei buruzko zuzenketa bana aurkeztu zuten EH Bildu eta Zurekin Nafarroa taldeek, lursail komunalen ikerketa finantzatze aldera», azaldu du Valentinek. Horrek lagundu du egoera desblokeatzen: 50.000 euroren diru saila onartu zuten lantalde tekniko bat osatzeko, eta aurki abiatuko dituzte lanak.
Adituen zeregina izanen da immatrikulazioen zerrendako ondasunak banan-banan aztertzea eta Nafarroako ondasun komunalen datuekin konparatzea. Eta Elizak bidegabeki erregistratutako eraikinen edo lursailen kasuan, horiek berreskuratzeko bideak aztertzea eta udalerriei aholkularitza juridikoa eskaintzea. «Lan teknikoa da, batez ere», esan du plataformako ordezkariak: «Lantaldea osatuko dute zenbait abokatuk, zuzenbideko profesionalek eta laborantza-perituk». Horrez gain, jarraipen batzorde bat ere sortuko du gobernuak, eta bertan parte hartuko dute Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak, besteak beste.
Argi dute prozesuak luze joko duela —urtebete baino gehiago, ziurrenik— baina prest dira erronkari heltzeko. «Pozik gaude gobernuak eginiko urratsarekin. Badakigu bide luze eta gogorra izanen dela, eta Elizak ez duela presarik. Eternitatea dute epemugatzat! Gu ez gara horretara ailegatuko ziurrenik, baina gogoz eutsiko diegu gure hasierako helburuei aurrerantzean ere».