Dotrina eskoletara (Berrian argitaratua)
Dotrina eskoletara
Garikoitz Goikoetxea Berria 2017/03/12
http://www.berria.eus/paperekoa/1810/012/001/2015-03-12/dotrina_eskoletara.htm
Curriculum berria du erlijio katolikoari buruzko ikasgaiak. Espainiako Gotzainen Batzarrarena da, eta polemika eragin du: besteak beste, kreazioaren teoriari erabat atxiki zaio. Gainerako erlijioek ez dute lekurik izango aurrerantzean. Erabat ezarriko dute curriculuma Hegoaldeko elizbarrutiek.
Lasaiagoa izan da aurtengo aurrematrikulazio kanpaina, beste urte batzuen aldean. Erlijio katolikoari buruzko ikasgaiak polemika handia eragin izan du Elizako agintarien eta hezkuntzako eragile batzuen artean. Aurrematrikulazio kanpaina amaitu ondoren hasi da eztabaida aurten. Erlijioko curriculum berria kaleratu du Espainiako Gobernuak, eta eduki batzuek protesta handia eragin dute. Besteak beste, kreazioaren teoriaren defentsa egingo dute eskoletan, eta otoitzak irakatsiko dituzte. Gainerako erlijioei buruzko aipamenak, berriz, kendu egin dituzte edukietatik. Ikasturte erdian argitaratu dute curriculuma, eta ez du eragingo aurtengo ikasturtean. Irailean jarriko dute indarrean.
LOMCE hezkuntza erreformaren ondorio da curriculum berria. Aldatu egin da sistemaren antolaketa, eta horretara moldatu dute curriculuma. Orain arte baino pisu handiagoa du erlijioak —espedienterako balioko du, eta, beraz, beketarako eta sarbide probetarako kontuan hartuko dute—, nahiz eta hautazko ikasgai izaten segituko duen. Erlijioa hartzen ez dutenek Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaia emango dute Lehen Hezkuntzan, eta Balio Etikoak DBHn.
Elizak du aginte erabatekoa erlijio katolikoaren ikasgaian: hark erabakitzen du zein irakasle hartu, hark erabakitzen du zein eduki eman. Espainiako Gotzainen Batzarrak prestatu du gai zerrenda. Parte hartu dute Hego Euskal Herriko eliz arduradunek ere, eta bere horretan ezarriko dute curriculuma datorren irailean, Donostiako Elizbarrutiko Irakaskuntza arduradun Esteban Munillaren esanetan: «Elizbarruti guztietarako egiten da curriculuma. Erlijioa berbera da leku guztietan».
Ez da horrela izan orain arte. Erelgune taldeko kide Mikel Agirreren esanetan —erlijioko irakasleak daude hor, besteak beste—, «aldaketa handia» izango da. «Hemengo errealitatera» egokitutako edukiak eman dituzte orain arte. «Gotzainen Batzarrak inposatutakoa estatu osoan derrigor bete beharko da. Kontraesana da hemengoarekin: adostasunetik eta gure errealitateari egokituta saiatu gara curriculuma egiten». Egungoari eustearen alde egin du.
Polemika kreazioari buruz
Aldaketak ez dira goitik beherakoak orain indarrean dagoen gaitegiarekin konparatuta. «Aldaketatxo batzuk, bai, egin dituzte, baina ez dira horrenbesterako», nabarmendu du Fernando Jorajuriak. Erlijioa Eskolan Nafarroako plataformako ordezkaria da. Kreazioari buruzko atalak jarri du zeresanik handiena. Honelako pasarteak ageri dira edukien artean: «Errealitatearen jatorri jainkotiarra», «Kreazioa, Jainkoaren opari gisa», «Gizona, kreazioaren maisu lan». Jorajuriaren arabera, ulermenean egon da arazoa. «Hizkera erlijiosoa da, eta denek ez dute ondo ulertzen». Uste du «polemika artifiziala» sortu dela.
Zientzialariak izan dira salaketa egin dutenetako batzuk. Ikastetxeko edukiak bat ez etortzeko arriskua ikusi dute; alegia, natur zientzietako edukiak eta erlijioko ikasgaikoak uztargarri ez izatea. «Segun gauzak nola adierazten diren, nola azaltzen diren, sor dezake kontraesanen bat zientziak irakasten duenarekiko». Juan Ignacio Perez Iglesiasena da oharra, EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendariarena. Erlijioko curriculumean, bi teoria «autonomo» gisa aurkezten dira Elizarena eta zientziarena. Perez Iglesias: «Niri oso zail egiten zait bi azalpenak bateragarri egitea». Nolanahi ere, nabarmendu du «herritar gisa» daukala iritzi hori.
Uztartzeko modukoak direla diote, ordea, erlijioa ikasgai izatearen aldekoek. «Elizak ez du kreazianismoa defendatzen bere horretan. Mito gisa hitz egiten du: nolabait Jainkoa presente dago», azaldu du Jorajuriak. «Ez dago inolako talkarik». Bat egin du Munillak ere: «Erlijioak zer erantzun ematen duen azaltzen da. Big Bangaren Teoriaren aurka ez dago ezer. Baina ezerezetik ez da ezer sortzen. Sortzaile bat dago».
Erlijioa ikasgaia kentzearen aurkakoentzat, aldiz, argudio bihurtu da curriculum berria. «Ez gaitu harritu», nabarmendu du Lurdes Imazek, EHIGE guraso elkarteko bozeramaileak. «Elizak egiten du curriculuma, gainontzeko alorretan ez bezala. Egin dutenak erakusten du doktrinatu egiten dela». Zientzietako ikasgaiekiko sor daitekeen «kontraesana» aipatu du Imazek ere, baina harago jo du: «Kontraesana dago berdintasunean heztearekin ere, ikuspegi patriarkala baitu ikasgaiak». Pasarte batzuetan, gizaki kontzeptuaren partez gizon ageri da. Erelguneko kidearen esanetan, «ulertezina» da era horretako kontzeptuak erabiltzea.
Arazoa oinarrian ikusten du Imazek: Espainiako Estatuak eta Vatikanoak sinatutako itunean. «Elizak pribilegiozko lekua du». Perez Iglesiasek ere hor ikusten du gakoa, curriculumeko eduki jakin batzuetan baino gehiago: «Elizari ematen baldin bazaio aukera doktrinamendua egiteko, egingo du. Eskolan doktrinamendua egin badaiteke, hortik aurrera etor daitekeen edozein mezu erlijioaren araberakoa izango da».
Ildo beretik jo du Tere Maldonadok, Heziketa Laikoa taldeko ordezkariak: «Basakeria da, baina arazoa ez da orain sortu». Elizarekin eginiko akordioan ikusten du gakoa, baina uste du PPren gobernuak «beste buelta bat» eman diola erlijioaren ikasgaiari.
Matrikulak, maldan behera
Erlijioan izena ematen dutenen bilakaera aztertzen bada, beherakada nabaria ageri da, batez ere eskola publikoetan —itunpekoan pisu handia dute ikastetxe erlijiosoek, batez ere Nafarroan—. Sare publikoan, lau ikasletik batek aukeratzen du erlijioa. Elizako arduradunek maiz salatu dute «presioa» dagoela seme-alabak erlijioan ez matrikulatzeko —aurten ez dute salaketa zehatzik egin—. Ikasgaiaren aurkakoek diote gero eta ikasle gutxiagok aukeratzen dutela baina beste estudianteen jarduna baldintzatzen segitzen dutela: «Ezin dira banatu ikasleak erlijioaren arabera; hori egiten da», salatu du Imazek. «Batek eskatuta, guztiek dute eragina».
Bi irizpide nagusi ditu erlijioak hezkuntzan. Batetik, hautazkoa izatea: eskolek derrigorrez eskaini behar dute erlijioa, baina gurasoentzat aukerakoa da hautatzea. Bestetik, desberdintasunik ez egitea: erlijioa hartu dutenek ezin dute aukeratu ez dutenek baino ordu gutxiago eman beste ikasgaietan. Bi bide jartzea dakar horrek: erlijioa eta ordezko ikasgaia. LOMCEk arautu egin du ordezko ikasgaia, curriculuma jarriz —Espainia goratzeko edukiak ditu—. Elizak badu argudio bat: Europa gehienean erlijioa ematen dute ikastetxeetan, Espainiako Estatuarena ez da bakarra —Frantzia da salbuespen nabarmenena; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez dute erlijioari buruzko ikasgairik ematen eskoletan—.
Ikasgaiaren aldeko edo kontrako izan, adostasun puntu bat badago: ikastetxeetan erlijioari buruzko edukiak lantzea egoki da. «Baina horrek ez du esan nahi ikasgai bat egon behar duenik horretarako. Beste alor batzuetan landu daitezke: filosofian, artean, historian…», ohartarazi du Maldonadok. Bereizketa egin behar dela nabarmendu du: «Fedea da gauza bat, eta ezagutza beste bat».
Elizak maiz nabarmendu du erlijio katolikoari buruzko ikasgaian tartea egiten dietela gainerako erlijioei ere, erlijioari buruzko ezagutza ematen dutela. Oraingo curriculumarekin ez: kendu egin dituzte gainerako erlijioei buruzko edukiak. Hutsunea dela uste dute erlijioaren aldeko plataformek, baina eskoletan hori zuzentzeko itxaropena hori dute. Jorajuria: «Kendu egin da erreferentzia, baina interesgarria da beste erlijioak ezagutzea. Ziur gaude praktikan azalduko direla, lotura handia dagoelako». Munillaren arabera, edukiak laburtu beharrak ekarri du beste erlijioak ez aipatzea: «Edukiak murrizteko eskatu zuten, pedagogia berriekin bat egiteko. Beste erlijioak ematen dituzte euren berezko ikasgaietan. Hemen batez ere erlijio katolikoa izaten da».
Aldaketak ikusita, irakasleen talde batzuek salatu dute ikasgai batena baino gehiago dotrinaren antza daukala curriculumak. Irizpideetan ikusi du kutsu hori Erelguneko kideak: «Irizpide batzuk dotrinalak dira argi eta garbi, eta hori ezin liteke egin eskolan». Curriculumean badira adibideak. Hara: «Aitortu eta onartu Salbatzaile bat behar dela zoriontsu izateko». Katekesia eta eskolako ikasgaia diferenteak direla ohartarazi du Nafarroako ordezkariak: «Katekesia fedezkoa da, eta xedea da sakramentuak hartzea; erlijioko ikasgaiak ez dakar fedea izaterik. Kasu batzuetan, ez dira sinestunak eskoletara doazenak».
Denbora gutxiago
Hegoaldean erlijioa aukeratzen duten estudianteei bete-betean eragingo die curriculum berriak, baina ez guztiei berdin: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek orain baino erlijio ordu gutxiago izango dituzte. Heziberri proiektuarekin, erlijiorako bideratutako denbora heren bat gutxitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta denbora hori zientziak eta hizkuntzak sendotzeko ezarriko du.
Pauso bat dela aitortu dute erlijioa ikasgaia eskolatik ateratzearen aldeko taldeek. EHIGEko ordezkariak nabarmendu du, hala ere, gutxienekotik gora egon dela orduen kopurua orain arte: «Legeak eskatzen zuena baino ordu gehiago eman dira DBHn. Jaistea pauso bat izan da». Hala ere, erlijioa «indartuta» geratu dela uste du: «Notarako balioko du eta ordezko arautu bat edukiko du». Maldonado beldur da Batxilergoan zer gertatuko. Erlijioa hautazko ikasgaia izango da, beste hainbaten artean, eta errazkeriagatik ikasleek hautatuko duten susmoa du: «Denok dakigu leku askotan bideoak ikusten-eta aritzen direla, gogoetarik egin gabe, eta oso nota onak dituztela. Benetan jarritako programa emango balute, ikasle gutxiago joango lirateke».
Eliz agintariek ez dute babestu Jaurlaritzaren erabakia, baina ez dute aparteko protestarik egin. «Pena da», erantzun du Munillak gaiari buruz galdetuta. «Etika eta balio falta ikusten den garaiotan, inportantea da era txukunean hautatu ahal izatea: erlijioa edo ordezkoa». Erelguneko kideak uste du «gutxienekoaren azpitik» dagoela ordutegi berria.
Jaurlaritzak eta eliz agintariek bilera dute hileon. Cristina Uriarte sailburua azalpenak ematekoa da bihar Eusko Legebiltzarrean.