Erlijioa eskola publikoan. La religión en la enseñanza pública
“argia.eus” aldizkarian argitaratua
Erlijioa eskola publikoan
Mikel Basabe Kortabarria 2022ko ekainaren 05a
Hezkuntza-legea aldatuta, Espainiako Gobernuak erlijio-ikasgaiaren asteroko pisua ordubetera jaisteko aukera eman zien iaz autonomia-erkidegoei, bai eskola pribaturako, bai eskola publikorako. Zergatik eskaintzen den erlijioa eskola publikoan? Bada, berrogeita hiru urteren ondoren, Espainiako Kongresuan oraindino ere inork ez duelako konkordatua indargabetzeko prozesua abian jarri. Ez PSOEk (jakina), ezta Podemosek, ERCk, Bilduk, Más Paísek… inork ez.
Vatikanoarekin sinaturiko konkordatua indargabetzea, berriz, premia etikoa da. Begira, bestela, haren lehen artikuluak zer dioen: “Betiere, ikastetxe publikoetan ematen den hezkuntzak kristau-etikaren balioak errespetatuko ditu”. Astakeria handiagorik! Eskola publikoko hezkuntzak kristau-etika errespetatu beharra? Zergatik?
“Herrialde bakoitzeko gotzainek jarraituko dute eskola publikoko irakasleak nahierara aukeratzen, inolako lehiaketa prozesurik gabe”
Gogoratu konkordatua nazioarteko ituna dela eta, beraz, bete beharreko legea. Gogoratu, EAEn udazkenean eztabaidatuko den hezkuntza-legeak ere, erlijioa eskaini beharko duela, nahitaez. Alegia, EAEko eskola publikoa ez da laikoa izango… harik eta Espainiako Kongresuak konkordatua indargabetzen duen arte. Asko jota, EAEko legeak ordubetera jaitsiko du erlijio-ikasgaiaren pisua, Aragoiko Gobernuak aspalditik egiten duen legez. Esan barik doa, erlijioa astean ordubetera jaisteak ez duela EAEko eskola publikoa laiko bihurtuko.
Eskola publikoa benetan laikoa izatea gura badute, ezkerreko alderdiek berehala ekin beharko diote. Ez Kongresuan legez besteko proposamenak sartuta, baizik eta konkordatua indargabetzeko prozesua abiarazita. Horretarako, lehenbizi, Kongresuaren gehiengo absolutuz onartu behar da indargabetzea. Ondoren, urtebetera, berretsi egin behar da erabakia, gehiengo absolutuz berriz ere. Horixe da konkordatua indargabetu eta eskola publiko laikoa lortzeko bide bakarra.
Hori gertatu arte, herrialde bakoitzeko gotzainek jarraituko dute eskola publikoko irakasleak nahierara aukeratzen, inolako lehiaketa prozesurik gabe. Eta jarraituko dute eskola publikoko irakasleak nahierara kaleratzen, inolako kalte-ordainik kitatu gabe: dirua, autonomia-erkidegoetako hezkuntza departamentuek ipiniko dute.
Hori gertatu arte, erlijio katolikoa eskola publikotik kanpora gura ez dutenek aitzakia ederra izango dute gotzainek nahieran ipinitako irakasleak beren lanpostuetan kosta ahala kosta mantentzeko, nahikoa ikastordu ez badute ere. Navarra Sumak eta Geroa Baik egin berri duten legez.