Hipoteka Legearekin etekina atera du Elizak/ La Iglesia ha sacado provecho de la Ley Hipotecaria.
“goiena.eus” orrian argitaratua.
Imanol Zubizarreta: “Hipoteka Legearekin etekina atera du Elizak”
Hasier Larrea 2023ko uzt. 9a, 09:58
80ko hamarkadan Eskoriatzako 43 eraikin eta lursail immatrikulatu zituen Eliza Katolikoak, frankismoko lege bat baliatuta. Zubizarretak kasu horiek ikertu izan ditu.
Gizarte laikoa lortzeko eta Elizaren pribilegioak salatzeko helburua duen elkartea da Laikotasuna. 2010a ezkero da hango kide Apotzagan hazitako Imanol Zubizarreta. Elizak egindako immatrikulazioen berri izan zuenean, ikertzeari ekin zion, jakinda Debagoienean, eta, bereziki, Eskoriatzan, halako kasu asko izan zirela.
Elizak ondasunak immatrikulatzeko, hau da, haren izenean Ondasunen Erregistroan inskribatzeko, boterea izan du urte askoan. Zer dela eta?
Francok 1946an Hipoteka Legea onartu zuen. Gotzainei eta apezpikuei notarioaren ahalmen bera eman zien: haien hitza nahikoa zen edozein orube immatrikulatzeko. Berez, ezin zituzten eraikin erlijiosoak erregistratu, baina bai haiek barne hartzen zituzten orubeak; hortxe zegoen tranpa. Konstituzioa idazterakoan ez zioten lege hari arretarik jarri, eta berdin mantendu zen.
Horregatik egin zituzten immatrikulazio gehienak 1981 eta 1988 artean?
Garai hartan, Jose Maria Setien zen Donostiako gotzaina, eta Gipuzkoan 388 ondasun jarri zituen Elizaren izenean, isilpean, ez baitziren ezta udalak ere konturatu. Inskripzio haien herenak Debagoienekoak ziren: 84. Eta haietatik erdia baino gehiago, 43, Eskoriatzakoak.
Zehazki, herriko zortzi parrokia-eliza, hamar ermita, lau apaiz-etxe, lau hilerri, hamahiru landa-lur, hiru hiri-lur, haur parke bat eta futbol zelai bat immatrikulatu zituen Elizak. Hainbeste, zergatik?
Badu logika historikoa. Eskoriatzak elizateak izan ditu aspalditik: Apotzagan, Marinen, Bolibarren… parrokia bana, abade bana eta sakristau bana zeuden, euren etxeak eta ortuak zituzten. Normala da, beraz, elizen inguruan hainbeste ondasun egotea hemen. Gotzainak agintzen zuen betidanik izan direla ondasun horiek Elizarenak, baina gezurra esaten zuen. Esaterako, 1870eko eta 1879ko errolda-agirietan herriko eraikin guztiak zerrendatu ziren, jabea edo alokairuan bizi zen titularra jasota. Apaizen eta sakristauen etxeak auzotarrenak zirela dakarte dokumentu haiek; hau da, herriarenak ziren.
“GOTZAINEK ESATEN ZUTEN ‘BETIDANIK’ IZAN DIRELA ONDASUNAK ELIZARENAK”
Zer egiten zuten immatrikulazioen ostean?
Ondasunak saldu. Erregistroan jasota dago ia 40 milioi pezetaren truke saldu zituztela 1990 eta 1995 artean Bolibarko sakristau etxea eta beste lokal bat, Mendiolako abadeen etxea eta abar. Duela 30 urte diru-kopuru handia zen hori.
Egin izan da ezer hori salatzeko?
Ezer gutxi, salmenta legalak izan ziren eta. Nafarroan herri plataformak sortu ziren eta hango Gobernua inplikatu egin zen aferan. Erregistroen dokumentuak lortu zituen eta berreskuratu egin zuten lursailen bat edo beste, frogatu zutelako partikular batenak zirela. Baina ezin baduzu lur bat zurea edo norbaitena dela erakutsi, nola berreskuratuko duzu?
Egin daiteke ezer hemen?
Eskoriatzan deigarriena iruditzen zaidana da Apotzagako haur parkea eta futbol zelaia Elizarenak izatea oraindik. Kasu horietan, eskatuko nioke Udalari berrikusteko, ea ze zentzu duen Elizaren izenean egotea. Udalak parkea berritu zuenean, ez nuke esango Elizarekin ezer adostuko zuenik.
Apotzagako haur parkea.
Gaur egun jarraitu dezake immatrikulatzen?
Rajoyren Gobernuak kendu egin zien gotzainei eskumena. Erabaki hura berandu etorri da, eta gertatutakoa ez da behar beste ikertu. 2021ean Gipuzkoako Batzar Nagusietan mozio bat onartu zen, Espainiako Gobernuari iraganeko inskripzioen zilegitasuna ikertzea eskatzeko. Baina akordio sendorik ez da egon, eta aferak hor jarraitzen du.
Apotzagako futbol zelaia.GizarteaEskoriatza