Jokin Bildarratz sailburuari erantzuna/ Respuesta al consejero Jokin Bildarratz

“berria.eus” orrian argitaratua.

Jokin Bildarratz sailburuari erantzuna

Teresa Maldonado Barahona eta Begoña Morote Segurola. 2023ko ekainaren 13a 00:00 Hezkuntza Laikoa elkarteak erantzun nahi die ekainaren 3ko BERRIAn Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Jokin Bildarratzek, laikotasunaren inguruan egindako baieztapen faltsu eta manipulatzaileei. Laikotasunaren definizio bat baino gehiago badago ere (eremu akademikoan zein gizarte-mailan), ezin da laikotasuntzat hartu ikastetxeek euren ideiak eduki ahal izatea, besterik gabe. Izan ere, ikastetxe baten ideiek edo ideologiak sinesmen erlijiosoak barne hartzen badituzte, orduan, konfesionaltasuna dute beren baitan. Bestela esanda: ideario erlijioso bati eusteak konfesional bihurtzen du ikastetxea.

Sailburua erlijio-aniztasunarekiko errespetuaz ari da, baina laikotasuna sinesmen-aniztasunarekiko errespetua baino gehiago da; alegia, erlijio-aniztasuna kudeatu eta bermatu ahal izateko marko zehatza da. Marko horrek exijitzen du estatuko erakundeak neutralak izatea sinesmen eta konbikzioei dagokienez. Gure kasurako, diru publikoz ordaindutako hezkuntzan ezin da onartu izaera edo pentsaera erlijiosoko ikastetxerik, horrek laikotasunaren printzipioen kontra jotzen duelako.

Zalantzarik ez, errespetua (hau da, inor ez bereiztea bere arraza, sexu, hizkuntza, erlijio eta abarrengatik) gure gizarteetako oinarrizko printzipioa da. Giza Eskubideen Adierazpenean jasota dago, baita Konstituzioan eta Hezkuntza Legearen proiektuan bertan ere. Sinesmen-askatasuna ez errespetatzea delitua litzateke. Alabaina, gogoratu behar da Eliza Katolikoa mesfidatia izan dela beti giza eskubideen aldeko defentsarekiko eta oraindik ere urratzen dituela LGTBI kolektiboaren eskubideak, sexu- eta genero-askatasuna eta laikotasuna bera.

Bildarratzek esaten duenaren kontra, ikastetxe erlijiosoen helburua fede kristaua zabaltzea da. Hori gauzatzen dute, adibidez, ikastetxe horien izen, erlijio-iruditeria, ospakizun, otoitz eta zeharkako curriculumaren bidez. Nola bermatuko ote dute laikotasuna? Ezinezkoa da, kontraesankorra delako: konfesionaltasuna eta proselitismoa ala laikotasuna da hautua.

Aurrekoaren ondorioz, laikotasuna bermatu nahi badugu, ezin dira ikastetxe erlijiosoak diru publikoarekin finantzatu. Inork ezin du pentsatu, zintzoki (batez ere Bildarratzen azalpenak ezagutu ondoren), lege honekin laikotasuna eta kontzientzia-askatasunarekiko errespetua bermatuko direnik. Legearen sustatzaileek eurek ere ez dute sinesten hori.