Matrikulazio kanpaina eta erlijioa eskolan
Espainiako Estatuko erkidego autonomoetan, eta, beraz, EAEn eta Nafarroan, eskola publikoan derrigorrez erlijioa eskaini beharra 1953an Francok izenpetutako eta 1979an berritutako konkordatuaren ondorioa da. Diktadorea hil zenetik hainbat hauteskundetan ezkerreko alderdiek agindu digute boterera iritsi bezain pronto hitzarmen hau ezabatuko dutela, baina agintea lortu duten guztietan gauzak bere horretan jarraitu du. Egin duten aldaketa bakarra da 1992tik aurrera erlijio gehiagoren artean aukeratu daitekeela, katolikoak ezik islamdarrak, hebrearrak eta ebanjelikoak bere fedean sustatuak izan daitezke denon diruaren kontura.
Egoerak ez du aldatzeko itxurarik, gero eta garbiago dago erlijioa eskoletatik ateratzeko modu bakarra dela, umeak gaian ez matrikulatzea. Saiatuko gara joera honen aldeko arrazoiak ematen.
Gaiaren alde daudenek eskubide hitza erabiltzen dute. Euskaltzaindiak dio: “Gizabanakoari pertsona izate soilagatik eta bere duintasunagatik aitortzen zaizkion oinarrizko ahalmenak” direla. Hau da, guztiok eskubide berberak ditugu, eskola publikoan matrikulatzen garenean ere. Munduan eta gure eskoletan erlijio anitz daude; batzuk bere sineskerietan denon kontura sustatuak izatea, eta besteak ez, ez da eskubide bat, pribilegio bat da. Eta hezkuntzak, publikoak bederen, ez ditu pribilegioak bultzatu behar.
Umearen eskubideen aurkakoa da. Umeen eta gaztetxoen eskubideen hitzarmenaren 14. artikuluak zera dio: “Partaide diren estatuek umearen pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna bermatu behar dute”. Hau da, estatuek (eta gurasoek) ahal dutena egin behar dute umearen hezkuntza askea eta kritikoa izan dadin, gero berak bere hautuak egin ditzan inolako manipulaziorik gabe.
Erlijioa da aukerako gai bakarra Haur eta Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen zikloan. Hau da, ikasturte bakoitzeko ume horiek 40 bat ordu igaroko dituzte bere taldetik kanpo. Ez dugu esango horrek talde harremanak zailtzen dituenik, baina ezta errazten dituenik ere. Normalean gela bakoitzean gutxi batzuk dira erlijioa hautatzen dutenak eta eskolak pilatzeko joera izaten du, beraz, ordutegiak egiteko lehenengo finkatzen dena gai hau da eta gainontzekoak ondoren, horrela eskola osoko lan-eguna baldintzatzen du. Izan dira saiakerak muturreko orduetan jartzeko (lehena edo azkena) eta ikaskideak etxean gera zitezen… baina Eliza Ama Santak kexak adierazi zituen, badirudi muturreko ordutan fedea urritu egiten dela.
Eskola guztietan ikasleak ordu kopuru bera izaten dute, hau da, erlijioa emateko beste gai bati kendu behar zaio. Erraz ulertzeko adibidea, batxilergoan selektibitatean nota igotzeko aukerazko gaiak direnak ditugu, 2 edo 3 ordukoak. Zertan dago desberdintasuna? Gaian? Ez, erlijioan. Ikasleren batek (edo bere legezko arduradunak) erlijioa ikasi nahi badu, aukerazko gaiari kentzen zaio, horrela irakasgai bera batzuetan astean 3 ordukoa da eta beste batzuetan 2koa. Selektibitateko azterketa egiterakoan 37 ordu gutxiago eman izana, nabaritzen da.
Aipatzen den beste puntua heziketa etikoa da. Etikak izan nahi du mundu guztian eta denbora oron balio duten jarrera eta arau multzoa: “Guztiok gara berdinak eta baliokideak, beraz, eskubide berak merezi ditugu”, baina elizak eta fedeak morala irakasten dute, leku eta momentu zehatz baterako balio duten arauak. “Guztiok eskubide berak ditugu baina emakumeak gizonak baino gutxiago dira eta, beraz, ezin dira apaiz/iman/errabino izan”, adibidez.
Dotrina eta liburu santu asko arrazoiaren eta zientziaren aurkakoak dira. Zenbat denboran egin da unibertsoa, sei egunetan hala milioika urteetan?
700 miloi euro xahutzen ditugu urtero erlijioko irakasleak mantentzen. Katolikoen kasuan badakigu irakasleek gotzainen onespena ezinbestekoa dutela, baina inork sekulan ez digu esan zeinek eta nola aukeratzen dituen beste erlijioetakoak, eta denon artean mantentzen ditugunez (bere soldata gure zergatatik ateratzen da. Ez al dago beste zerbait hobeagorik, zertan gastatu? Ez dakit, gazte eta adinekoen ongizatean, adibidez?), uste dugu eskubide osoa dugula jakiteko… Kontuan izanik erlijiokoak direla irakasle bakarrak web-orrian azaltzen ez direnak. Beste guztion curriculum osoa hor dago eta beraien kasuan ezta zenbat diren ere ez da agertzen.
Honengatik guztiagatik eskolaren izaera laikoa aldarrikatzen dugu, Espainiako Gobernuari eta gure politikariei behingoz eta betirako konkordatua eta beste erlijioekin egindako hitzarmenak ezabatzeko eskatzen diegu eta zuei guztiei zuen seme-alaben hezkuntzan zientzia eta pentsamenduari lehentasuna emateko, erlijioan matrikulatu gabe.
Hezkuntza publikoa laikoa, orain!