la casilla de la iglesia

Gipuzkoako hitza 2015-04-17

Elizaren laukitxoari bueltaka

2015(e)ko Apirilak 17

Nork

Trantsizioan, 1979ko urtarrilaren 3an hain zuzen, Espainiako Estatuak eta Vatikanoak ituna sinatu zuten Eliza katolikoaren finantziaziorako. Aurrez, 1953an, Francok eta Vatikanoak sinatua zuten konkordatua, eta bertan estatuak Eliza nola finantzatu behar zuen jasotzen zen. Baina, 1978ko Konstituzioak Espainiako Estatua estatu akonfesionala zela zioen neurrian, konkordatu hura berritzeko beharra ikusi zuten, eta beste itun bat egin zuten. Azkenean, akonfesionala izan edo ez izan, estatuak Eliza finantzatzen jarraitu zuen. Hitzarmen horretan, ordea, Elizak honako konpromisoa hartu zuen: «Eliza katolikoak bere asmoa agertzen du bere beharrak asetzeko baliabideak bere kabuz lortzen joateko. Helburu hori lortzen denean, bi aldeak ados jarriko dira finantza lankidetzarako sistema aldatzeko».

Ordutik 36 urte igaro dira, eta administrazio publikoek oraindik ere zerga bidez finantzatzen dute Eliza katolikoa, baina Eliza ez dago prest finantziazio bide horri uko egiteko. Errenta aitorpenaren atarian, Espainiako Apezpikuen Batzarrak 3 milioi euro xahutzen ditu urtero publizitate kanpainan herritarrei Elizaren laukitxoa aukeratu dezatela eskatzeko; iaz, 247,6 milioi euro jaso zituen 2013ko errenta aitorpenaren kanpainatik. Gipuzkoan, berriz, errenta kanpainaren laukitxoen sisteman Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako aldaketak hautsak harrotu zituen iaz. Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak auzitegietara joko zuela iragarri zuen, herritarren eskubideak urratzen zirelako.

«Guri behintzat ez zaigu salaketarik iritsi. Ibili ziren bueltaka, hori bai, baina nik uste dut ikusi zutela ez zutela helduleku handirik. Salaketa mediatikoa izan zen», azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri Itziar Minerrek, foru aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusiak. Minerren aburuz, izatekotan eskubideak berdintzea izan zen iazko aldaketarekin lorturikoa.

Bikoizketa

PFEZaren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) %0,7a esleitzeko aukerari eragin zion aldaketa horrek. Ordu arte bi laukitxo zeuden aukeran, Eliza katolikoarena eta helburu sozialena; bata edo bestea aukeratu zitekeen, eta bazegoen aukera biak batera aukeratzeko ere. Baina 0,7a bi laukitxoetara bideratzen zenean, diru kopurua bitan banatu beharrean bikoiztu egiten zen. Alegia, pertsona batek %0,7 ematen zion Elizari eta beste %0,7 gizarte xedeei. «Noski, zergadun horiek eskubide handiagoa zuten, eta berdintasunaren ikuspegitik guri ez zitzaigun justua iruditzen. Biak aukeratzen zituenak zergatik eman zezakeen %1,4 eta beste batek ezin zuen %1,4 hori gizarte xedeetara bideratu? Eskubide aldetik berdindu egin zen».

Iaz, beraz, Gipuzkoako zergadunek ezin izan zituzten bi laukitxoak markatu; eta aurten hasi berri den errenta kanpainan ere ezingo da.

Aldaketaren emaitzak argiak dira. 2012an 48.000 zergadunek aukeratu zituzten bi laukitxoak. Horietatik 35.000 zergadunek gizarte xedeetako laukitxoa hobetsi zuten iaz, 2013ko errenta kanpainan. Hala, Eliza katolikoarentzat 1,3 milioi euro gutxiago bildu ziren; %26ko jaitsiera aurreko urtearekin alderatuta (2012an 3,7 milioi izan ziren).

Jaitsiera horri buruzko balorazioa eskatu dio Gipuzkoako Hitza-k Donostiako Elizbarrutiari. Elizbarrutiko ekonomia sailekoek, baina, ez dute adierazpenik egin nahi izan eta «agian» aurrerago egingo dutela azaldu dute.

Joxe Arregi frantziskotar ohi eta Deustuko Unibertsitateko Teologia irakasleak, ordea, argi du jaitsieraren zergatia. «Normala da. Jendeak Elizarekiko duen atxikimendua nabarmen hozten ari da. Erlijio tradizionalak beste garai bateko hizkeran eta formetan bilduak ageri zaizkigu. Horrez gain, Gipuzkoako Elizbarrutian eta inguruko zenbaitetan, bereziki itxia, espainolizatua eta iraganari lotua ageri da eliz erakundea. Herriak ez du hori nahi».

Sektore publikora

Beste aldaketa bat ere egin zuten iazko errenta kanpainan. Hirugarren laukitxo bat jarri zuten aukeran, PFEZren %0,7a administrazio publikoen esku, haiek aurrekontuan erabakitzen dutenaren arabera kudeatzeko eta herritarren beharrei erantzuteko. «Lehen ere bazegoen aukera hori. Laukitxorik markatzen ez zuenaren %0,7a sektore publikoaren esku gelditzen zen; baina, guk hori zehaztu nahi izan genuen, argiago jarri», azaldu du Minerrek. Arlo horretan %23ko igoera izan zen; 2012ko kanpainan 30.000 zergadunek utzi zuten markatu gabe laukitxoa, eta 2013koan ia 37.000 zergadun izan ziren sektore publikoaren laukitxoa hautatu zutenak.

Hala, aldaketaz geroztik, hiru laukitxo dauzka aukeran Gipuzkoako zergadunak: Eliza katolikoa, gizarte xedeak eta sektore publikoa. Derrigorrezkoa da bat markatzea, eta ezin da bat baino gehiago markatu.

Laukitxoa kendu

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, ordea, erdibideko konponbide moduko bat izan zen iaz egindako aldaketa. «Gure lehenengo azterketa izan zen ea posible zen Elizaren laukitxoa kentzea. Uste dugu administrazioak laikoa izan behar duela, eta ondorioz ez diola erlijio bati zerga bidezko laguntza zuzen bat eman behar». Baina, Minerrek argi eta garbi dio: «Legez ezinezkoa zen. Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren arteko 1979ko itunak behartzen gaitu, nazioarteko hitzarmen baten izaera duelako eta Ekonomia Itunak nazioarteko hitzarmenak betetzera behartzen du aldundia».

Laikotasuna taldeak urteak daramatza Elizaren zerga bidezko finantziazioa salatzen, eta iazko aldaketa aurrerapauso bat dela iritzi arren, ez dute nahikoa ikusten. «Gure iritzia da laukitxoek desagertu egin behar dutela. Uste dugu diru publikoarekin, herritar guztien diruarekin ez dela inolako konfesiorik finantzatu behar». Horretan ados daude aldundia eta Laikotasuna; Laikotasunak, baina, aldundiak zerbait gehiago egin dezakeela uste du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkai eta Arabakoak bezala, eta Nafarroako foru gobernuak bezala, autonomia fiskala dutenez, Laikotasunak gehiago eskatzen die. «Gure zergak Gipuzkoako Foru Aldundiari ordaintzen dizkiogu, eta konkordatuak eskuak lotzen dizkion arren, guk uste dugu badagoela halako jokaleku libre bat, aldundiak erabaki dezakeela laukitxoa ez jartzea», azaldu du Laikotasunako kide Marijo Molinak. Estatuaren eta Vatikanoaren arteko hitzarmenari entzungor egitea eskatu dio Molinak aldundiari, eta erabaki hori azken muturreraino eramatea. «Katalunian ere bazekiten Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma atzera botako ziela, baina aurrera egin zuten. Hemen ere egin daiteke gauza bera Elizaren laukitxoa kenduta. Agian Konstituzionalak atzera botako du, baina bitarte horretan gaia plaza publikora ateratzen duzu eta eztabaida erdigune horretan jartzen duzu», gehitu du Molinak. Galdera bota du jarraian: «Zergatik gai batzuetan badugu ausardia halakoak egiteko, eta beste gai batzuetan ez gara ausartzen? Dauzkagun zirrikituak baliatzea litzateke».

Minerrek ez du baztertzen guztiz Elizaren laukitxoa ezabatzearena, baina horretarako bestelako urratsak egin behar direla dio, borondate politikoa behar dela. «Oraingoz, beste arlo askotan bezala, betebehar batzuk ditugu, kasu honetan Ekonomia Itunak ezartzen dizkigunak, eta horien barruan jokatzen dugu. Besterik litzateke Ekonomia Itunaren markoa gainditzea erabakiko bagenu; hori gainditzeko urratsak egiteko prest gauden, horretarako asmorik badugun… beti ere guztien artean».

Egin beharreko bidean erabateko adostasunik ez dago; bai, ordea, helburuan. Joxe Arregi ere ados dago horretan. «Eliz erakundeak bere burua finantzatu beharko luke, beste edozein erakunde pribatuk bezalaxe, erlijiosoa izan edo ez». Egungo sistemari «bidegabea» deritzo, Eliza katolikoari «ez dagokion pribilegio bat» aitortzen diolako. «Zerga bidez bildutako dirua ez da zergak ordaintzen dituenarena, herriarena baizik, eta herriari itzuli behar zaio, berdintasun eta laikotasun printzipioen arabera».

Arregik, beraz, arrazoizko jotzen du aldundiak iaz eginiko aldaketa. «Donostiako gotzainak salatu zuen arren, aldaketa horrek ez du inoren eskubiderik urratzen, eta bai jende askoren eskubidea hobeto babesten. Arrazoizkoa ez ezik, justua ere bada. Hobe litzateke gainerako aldundiek bide bera hartuko balute».

Elizak bere hitza jan du

Molinak eta Arregik 1979ko akordioa Elizak hautsi egin duela uste dute. «Konstituzio demokratikoa indarrean sartu baino lehen adostu zen egungo sistema, frankismoko nazional-katolizismoan oinarrituta. Gainera, orduan bertan, eliz erakundeak sistema hori aldatzeko eta bere burua finantzatzera iristeko borondatea agertu zuen, hitz eman zuen. Ez du bete. Eta Estatuak ez du betetzera behartu», dio Arregik.

Laikotasunako kidearen arabera, badago mugimendu bat Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren arteko hitzarmen hori baliogabetzeko eskatzen duena, hitzarmenaren haustura salatu nahi duena, hain zuzen ere Elizak hitzarmena hautsi duela argudiatuta. «Elizak ez du ezer egin, berak hautsi du akordioa, eta parte batek hausten duen akor- dioa berez baliogabe gelditzen da».

Baina, Espainiako Estatuak akordioa hautsitzat eman eta Eliza katolikoari finantziazioa kendu beharrean, kontrakoa egin du. Hain zuzen ere, 2007an, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak (PSOE) %0,52tik %0,7ra igo zuen laukitxo bidez esleitu beharreko diru kopurua. Bi laukitxo markatu eta laguntzak biderkatzeko aukera ere ez zegoen hasieratik; Elizaren laukitxoa aukeratzen zutenen kopurua jaisten ari zela ikusita eman zuten aukera bikoitz hori.

Minerrek «zentzugabe» ikusten du helburu sozialen laukitxoa jartzea. «Erakunde publikoek bestela ere bideratzen ditugu laguntzak irabazi asmorik gabeko erakundeetara, administrazio publikoen aurrekontuetan beti daude laguntza lerroak. Gure ustez, laukitxo horren helburu bakarra Eliza finantzatzen jarraitzea da, eta gizarte helburuena jartzen dute hori disimulatzeko. Guk horri buelta bat eman nahi izan genion, baina mugatuta gaude».