Gurutzerik gabeko bidea/ Caminos sin cruces
«www.berria.eus» argitaratua
Gurutzerik gabeko bidea
Apostasia: nork bere erlijioari edo fedeari uko egitea. Euskal Herrian gero eta jende gehiagok hautatzen du Eliza katolikotik ateratzea.
Irati Egibar Izeta 2024ko urtarrilaren 17a 05:00 Entzun 00:11:18
Urtea antolatzeko modua, herriko festak, Eguberriak… lotura zuzena dauka euskal gizarteak erlijio katolikoarekin. Herritar asko, bataioaren bidez, elizari lotuta geratu ohi dira bizitzako lehen egunetatik. Halere, erlijioak gero eta garrantzi txikiagoa dauka belaunaldi berrien artean; kasu askotan, familiek hautua egiten dute haurrak ez bataiatzeko.
«Norbaitek bere fedeari edo erlijioari jendaurrean uko egitea». Horrela definitzen du apostasia sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Gero eta gehiago dira gurutzearen zama bizkar gainetik kentzen dutenak. Apostasia egitean, Elizarekin lotura duten hainbat eskubide galtzen dira: ezin da ezkontzako, bataioko edo sendotzako aitabitxi edo amabitxi izan; ezin da ezkondu elizan; ezin da kofradietako edo fededunen elkarte katolikoetako kide izan; eta ezin da hileta elizkizunik egin.
Halere, herritarrek apostasia eginda ere, haien arrastoak Elizan jarraituko du. Izan ere, 2008an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eliza katolikoaren aldeko epaia eman zuen Datuak Babesteko Espainiako Agentziarekin izandako auzi batean: epai horren arabera, bataio liburuak ez dira fitxategiak, eta, beraz, ez daude Datuak Babesteko Legearen mende. Horrela, Espainiako elizbarruti gehienek bataio liburuetan apostatari buruzko bazterreko oharra idaztea onartzen badute ere, apostasia egitearen ondorioak ez doaz harago legearen arabera. Alegia, apostataren izena bataio liburuan geratzen da.
«Gurekin harremanetan jartzen direnek ez dute inongo arazorik izaten. Ahalik eta gehien errazten ahalegintzen gara».
Bilboko elizbarrutia
Euskal Herriko kristau gehienak, ordea, ez dira praktikatzaileak, eta, herri askotan, apostasia egiteko kanpainak egiten dituzte hainbat elkartek eta eragilek: duela hamar urte inguru, kanpaina handia egin zuten Iruñerriko zenbait kolektibok; duela hilabete eskas, berriz, apostasia kolektiborako kanpaina bat jarri du martxan Zestoako Gazte Asanbladak (Gipuzkoa); eta Oiartzungo Feministen Asanbladak ere (Gipuzkoa) Eguberri egunak baliatu izan ditu kanpaina zabaltzeko.
Duela hiru urte egin zuten kristautasunaren aurkako lehen «kontrakanpaina» Oiartzunen: eskuorri bat argitaratu zuten apostasia egiteko prozesuaren informazio guztia bilduta. Bigarren urtean modu kolektiboan egiteko ideia izan zutela azaldu du Inexa Maritxalar Oiartzungo Feministen Asanbladako kideak: «Prozesua errazteko, taldean egitea proposatu genuen; galdetegi moduko bat egin, eta hainbat herritar gurekin jarri ziren harremanetan. Horien guztien bataio agiria eskatu genuen elkarrekin. Laguntza moduko bat izan zen, azken finean».
Apostasia egiteko arrazoiak
Federik ez izatea jainkoarengan; ados ez egotea Elizarekin; edo ados ez egotea fededunen zerrendetan egotearekin. Horiek izaten dira apostatek Elizarekin lotura hausteko izaten dituzten arrazoi nagusiak.
Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek zerrenda luze batean aipatzen dituzte Elizatik ateratzeko arrazoiak: «Apostasia egiteko arrazoiak asko dira, baina, finean, uste dugu Eliza matxista, patriarkala eta LGBTIQ+foboa dela, eta, hortaz, Eliza katolikoko kide izateari utzi behar diogu».
Gaineratu dutenez, Elizak «eredu bakartzat» hartzen du familia tradizionala. Horretaz gain, Oiartzungo Feministen Asanbladaren iritziz, «pederastia kasu ugari isildu eta babestu ditu, abortua, eutanasia eta antisorgailuen erabilera gaitzesten ditu, sexualitatea eta plazera ere bekatutzat dauzka…».
Erme Pedrosok, ordea, bere aitona hil zenean egin zuen apostasia hautua. Pedrosoren aitonak bizi osoan erakutsi zuen Elizaren kontrako jarrera; «beti elizaren kanpoan geratzen zen, ez zen inoiz barrura sartzen». Hil ostean, ordea, elizara eraman zuten. «Horretaz gain, hiletetara joaten hasten gara adinean aurrera egin ahala. Ingurukoei beti esaten nien nirekin ez egiteko aitonarekin egin zuten gauza bera. Konturatu nintzen nire esku zegoela egoera bideratzea: zergatik esan behar diet besteei, nik apostasia egiteko aukera edukita?».
Emakumeak eta gazteak dira Oiartzungo Feministen Asanbladako kanpainan parte hartutako gehienak. Erme Pedroso, berriz, bere kabuz ari da egiten apostasia prozesua, eta aste honetan dauka gotzainarekin hitzordua Donostian. Caceresko (Espainia) herri txiki batean jaio zen, eta bere ahizpen bitartez eskatu du bataio agiria: «Bataio agiria ezkontzeko behar duzula esatea da egokiena, guk hori egin genuen. Bestela, askotan, apaiza trabak jartzen hasten baita. 60 euro ordaindu behar izan nuen; egia esan, ez nuen espero».
Prozesu «luzea»
Apostasia prozesua zaila baino gehiago «luzea» dela iritzi diote Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek, denbora eskatzen duela. «Donostiako gotzaindegira joatea da zailena, gotzainarekin zita lortzea; luzera begira, hilabete batera edo pare bat hilabetetara ematen dute hitzordua».
Bilboko elizbarrutiko notarioak —ez du bere izena eman nahi izan—, berriz, prozesua konplexua den ala ez, «bakoitzaren ikuspuntuaren araberakoa» izaten dela dio: «Gurekin harremanetan jartzen direnek ez dute inongo arazorik izaten. Ahalik eta gehien errazten ahalegintzen gara».
Apostasia egin nahi duenak bere herrialdeko elizbarrutian egin behar du prozesua, hori da arau nagusia. Arau horretatik abiatuta, elizbarruti bakoitzak bere jardunbidea ezartzen du. Antzeko prozesua dute Euskal Herriko elizbarruti guztiek.
«Ingurukoei beti esaten nien nirekin ez egiteko aitonarekin egin zuten gauza bera. Konturatu nintzen nire esku zegoela egoera bideratzea».
ERME PEDROSO Apostata
Bilboko gotzaindegian, adibidez, «bidea errazteko ahaleginak» egiten dituztela esan du gotzaindegiko notarioak —Bilbon, elizbarrutiko notarioarekin biltzen dira apostasia egin nahi dutenak—. Hitzordua aurrez aurre egin beharrean, aukera dago posta elektronikoz bideratzeko: «Eskatzaileak eskaera bat bidali behar du idatziz, NAren fotokopia erantsita. Eskabide hori interesatuak sinatu behar du, bere egungo helbidea eta bataioaren parrokia adieraziz, gure elizbarrutiari atxikita/bateratuta badago. Beste batean egonez gero, bataio ziurtagiria aurkeztu behar duzu».
Sinadura digitala edukiz gero, prozesu guztia etxetik egin daiteke; bestela, azken pausoa ematera elizbarrutira joan behar da, eskatzaileak sinatzera joan behar baitu, bajaren ondorioekin ados dagoela ziurtatzeko.
Ingurukoen iritzia
Gero eta ezagunagoa den arren apostasia egitea, herritar askok ez daukate informaziorik. Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek diote hainbat herritarrek ez zutela apostasiaren berririk, inoiz ez zutela pentsatu Elizatik izen-abizenak ezabatzeko aukera zegoenik ere.
Ateoa da Pedrosoren lagunarte guztia, baina ez dute sekula pentsatu apostatatzea: «’Zergatik sentitu duzu behar hori?’. Hori askotan galdetu didate. Inork ez du apostasia egiteko pausoa ematen nire inguruan. Arazo handia da niretzat Elizaren instituzioaren barruan egotea».
Pedrosok, ordea, ez dio amari ezer esan oraindik. Ez du uste arazorik sortuko denik, baina kezka eragiten dio. «Amak bazekien bere aita [Pedrosoren aitona] Elizaren kontrakoa zela, eta, hala ere, elizara eraman zuten. Elizara jotzen dugu beldurra sentitzean».
«Feminismoak aspalditik erakutsi du Elizaren aurkako jarrera», Oiartzungo asanbladako kideek diotenez. Etorkizunean egin beharreko hurrengo urratsa ere finkatu dute: «Herritarrek txipa aldatzea, eta jaiotzen diren haurrak ez bataiatzea, hori da eman beharreko hurrengo pausoa».