Aspaldi behar zuen, baina orain inoiz baino beharrezkoagoa da erlijioek eskola publikotik hanka egitea

«diariovasco.com» orrian argitaratua

Erlijioa

Aspaldi behar zuen, baina orain inoiz baino beharrezkoagoa da erlijioek eskola publikotik hanka egitea

Irati Goikoetxea

Irati Goikoetxea

Jueves, 30 de noviembre 2023, 01:00

Ez ginen hain ume. Hamahiru bat urte? Hortxe-hortxe. Eskolatik atera eta auskalo zeren karietara, ea nik jainkoa sinesten al nuen galdetu zidan lagun batek. Eta nik bueltan ez nuela jainkoa ulertzen. Alegia, ez nekiela nor ikusi behar nuen jainkoa aipatzen zuenean eta ez nekiela zer zen sinetsi behar nuena. Bai, ezjakina nintzen, eta ezjakina izaten jarraitzen dut. Gizon bizardunak, argi-bolak, hil aurretik ez dakit non, hil eta berehala ez dakit nora, hil eta gerorako giltza, batzuk zerurako eta besteak… Jaio orduko ur bedeinkatuarekin zipriztindu gabea, katekesi orduak jaso gabea eta sukaldeko mahai-bueltan jainkoaz hitz egin gabea naiz ni. Gaia edozein dela ere, ezjakintasuna ez da inondik inora harrotzeko kontua, baina hauxe halaxe, izan bezalaxe, kontatzen dizuet. Kezka handirik gabe. Izan ere, beste kontu-gai askotan ere ezjakina naiz. Eta besterik gabe, honetan ere bai. Kezka, interesa eta denbora beste gai batzuei eskaintzen diet.

Eskolan ‘Nik Etika’ nintzen ni. Mus partidak jokatzen zituztela eta hamarrak aise poltsikoratzen zituztela zabaldu zelako aukeratzen zuen batek baino gehiagok ‘Nik Erlijioa’. Eta halaxe egoten ziren orduan erdi beteta gaur egun erdi hutsik edo hutsik dauden Erlijio ikasgaiko klaseak.

Erlijioa zen orduan, ‘Zuk Etika edo Erlijioa?’. Duela hogeita hamar urte gu eta gure mundu-zilborra ginen. Orain mundua zilborreratu zaigu (hobe zilborreratu bagenu) eta beste gu bat gara. Erlijioak ditugu eta sortu da saltsa.

Arartekoak neurriak eskatuko omen ditu Islamak ikastetxeetan lekua izan dezan. Gutxieneko eskaera omen dago zenbait ikastetxetan eta ez omen zaie beraien nahiari erantzun. ‘Guk bai, baina zuek ez’ horrek ez dirudi bidezko, ez. Aspaldi behar zuen, baina orain inoiz baino beharrezkoagoa da erlijioek eskola publikotik hanka egitea. Nahi-behar duenak eskain diezaiola nahi-behar duenari espazioa, denbora eta nahi-behar duen guztia. Baina egin dezala eskola orduetatik kanpo.