eskola publikoaren eta laikoaren inguruan
«berria.eus» orrian argitaratua
Ikoitz Arreseri, eskola publikoaren eta laikoaren inguruan
Arantza Kerexeta Hezkuntza Laikoa elkartea 2023ko azaroaren 09a 00:00 Harrigarriak egin zaizkigu EH Bilduren eledun Ikoitz Arresek El diario.es-en egindako adierazpenak. Zoritxarrez edo zorionez, hiritar batzuek oraindik ez dugu ondo digeritzen ustez ezkertiarra den alderdi politiko baten bozeramaileak ikastetxe pribatuekiko duen guritasuna.
Oraingoan, Santutxun (Bilbo) dagoen Angeles Custodios ikastetxe pribatua goraipatu du, ikasle migratzaileekin egiten duen lan sozial eskergagatik. Antza, ikasle horiekin saiatzen dira ia oinarrizko gizarte-zerbitzuak ematen! Agian, Angeles Custodios kongregazioak berak, duela hiru urte ikastetxearen ondoan zeukan egoitzaren orubea promotora bati saldu, eta jasotako diruarekin familia zaurgarriei aparteko gizarte-zerbitzuak eskaintzen al dizkie? Edo, agian, marmolezko eskailerak dituen Nuestra Señora del Rosarioko egoitzan, familia zaurgarrien ikasleei prezio bereziak egiten dizkiete, haien seme-alabek goi mailako ikasketak egin ditzaten?
Ahaztu zaio ikastetxe pribatu hori erakunde pribatu baten parte dela, Vatikanoko Egoitza Santuaren menpeko zuzena, eta erakunde horren helburua kristau dotrina zabaltzea dela. Ahaztu zaio ere, erakunde pribatu hori ekonomikoki oso kaudimenduna dela —Vatikanoa da munduko estaturik aberatsena—, eta, hala ere, dirutza publikoa jasotzeko inolako lotsarik ez duela. Gainera, ikastetxe publikoek ez bezala, beste hainbat diru-sarrera izan ditzake; adibidez, babesleen diru-laguntzak, zerbitzu gehigarrien ordainketagatik diru-sarrerak, donazioak, eta abar.
Ikasle zaurgarriekin lan egiten duten ikastetxe guztiek, publikoak zein pribatuak, lan eskerga egiten dute. Meritu hori ez dagokie soilik Kristau Eskolei. Bestalde, ez dute borondate onak eta karitateak bultzatuta egiten; haien betebeharra da. Lan hori ez egitea iruzurra litzateke. Edozelan ere, Kristau Eskoletan ikastetxeko hezkuntza proiektua kristautasunean errotuta dago; hiritar guztion artean ordaindu behar ote dugu hori? Ez al da ikasle guztien eskubidea hezkuntza laikoa jasotzea? Onargarria ote da ikasleak bereizi eta segregatzea, familiek kristau ikastetxeakaukeratu dituztelako?
Eskola publikoa eta laikoa defendatzen dugunok ez gara ikastetxe pribatu guztiak berdin katalogatzen ditugunak: berez katalogatzen dute euren burua. Batetik, ikastetxe pribatu gisa, jabetza pribatukoak baitira. Bestetik, itunpeko ikastetxe gisa, diru publiko parrasta jasotzeagatik. Horrez gain, Kristau Eskolako ikastetxeak, izenak berak katalogatzen ditu kristau gisa. Guk dakigula, inork ez ditu ikastetxe pribatuak katalogatu lan txikia, ertaina edo handia egiteagatik.
Azkenik, aipatzekoa da Ikoitz Arresek nola dioen «tontakeria» iruditzen zaiola esatea Angeles Custodios kristau eskola «aberastu egiten dela, neoliberala dela eta hezkuntza pribatizatu besterik ez duela egin gura». Han eta hemen bilatu dugu adierazpen horien jatorria, baina ez dugu ezer aurkitu. Eta ez da zintzoa norberak asmatutako karikaturen aurka eztabaidatzea, eztabaida horiek norberak aise irabazteko modukoak izaten baitira.