Zerga aitorpena eta elizaren laukitxoa

Urtero bezala, apirila iristerakoan, Foru Ogasunaren aurrean gure zerga aitorpena aurkezteko betebehar saihetsezina daukagu. Eta urtero bezala Eliza Katolikoak, bere betiko ildoari jarraituz, berriro ere Elizaren laukitxoa markatzeko publizitatez josiko gaitu alde guztietatik. Horrela gure zergen %0,7 jasoko bailuke, edo beste aukera, bi laukitxoak markatzea (Eliza Katolikoarena eta gizarte helburuena), zeren eta azken hautu horretan gure zergen %0,7 berbera jasoko luke eta beste horrenbeste (hau da, beste %0,7)  gizarte helburuetako izango litzateke. Hori dela eta, Laikotasuna kolektibotik herri iritziaren aurrean gai honi buruzko gure aburua aurkeztu nahi dugu, alegia, zerga aitorpenean bi laukitxoetatik ez bata ez bestea ez markatzea, ezta Elizarena ezta gizarte helburuena ere. Hona hemen gure arrazoiak:

  • Eliza Katolikoaren propagandak zera baieztatzen du, bere laukitxoa markatuz Elizak egindako gizarte laguntzako lanak babesten dituzula. Engainuzko baieztapena da, zeren laukitxo horren bidez Elizak jasotzen dituen 358 milioi euroren erabilera ez dira karitateko zereginak, ezta sikiera gurtzarekin edo antzeko lanekin lotutakoak ere. Espainiako Gotzainen Biltzarrak berak emandako datuen arabera, %80 apaiz eta gotzainen soldatak eta gizarte segurantza ordaintzeko dira. Beste %20 13TV eta antzeko proiektuak finantzatzeko erabiltzen da, adibidez, Eliz proselitismoko kanpainak, abortuaren aurkakoak eta espainiar legeriak onartuak dituen beste hainbat eskubideren aurkakoak. Caritas erakundeari gutxi gorabehera zazpi milioi ematen zaizkio (hau da, PFEZ laukitxoan jasotzen duenaren %2). Gizarte laguntzako lanerako gutxi samar. Gipuzkoako datuei begiratzen badiegu, konturatuko gara 2023an Elizaren laukitxoa markatu zutenak, gehi bi laukitxoak markatu zituztenak, 56.478 pertsona izan zirela (ordaintzaileen %14,01), eta Elizari 3.849.723 euro ordaindu zizkioten. Intereseko datu gisara zera esango dugu: 2017an Eliza Katolikoaren laukia markatu zutenak %22,71 izan ziren; beraz, azken sei urteetan ehunekoak %8 egin du behera. Gainera, Eliza-Estatua akordioen arabera, diru-kopuru hori ez du Gipuzkoako Elizak jasotzen, baizik eta, Ekonomia Itunaren sistema aplikatuz eta kupo bidez, oso-osorik Espainiako Estatuari transferitzen zaio, Espainiako Elizari emateko.
     
  • Eliza Katolikoaren finantzaketaz jarduten dugunean, ezinbestekoa dugu aipatzea 1979an Espainiako Estatuak eta Vatikanoak izenpetu zuten hitzarmena. Bertan Elizari ordaintzen zaion diru sari hau «denboraldikoa» izango zela finkatzen zen, hark «bere burua mantentzea» lortu bitartean. 45 urte geroago hitzarmen horrek bete gabe jarraitzen du, txandakatu diren gobernuek betetzeko eskatu gabe. Gainera, ezin da ahaztu PFEZ aitormenaren bidez Elizak jasotzen dituen 358 milioi euroak osotasunean urtero jasotzen dituen 11.600 milioi euroen zati txiki bat besterik ez direla. Adibide gisara, zenbait zerga ez ordaintzeko eskubidearen bidez edo immatrikulatu dituzten 100.000 ondasunen mantenuaz, kultura ministerioa arduratzen da, eta diru publiko horri guztiari buruz inolako gardentasun eta kontrolik ez dago.
     
  • Era berean, gizarte helburuen laukitxoa ere ez markatzeko eskatzen dugu. Jasotzen denaren %35-40 Eliza Katolikoarekin lotura duten erakundeentzat izaten da. Hortik Eliza Katolikoak bere publizitatean bi laukitxoak markatzeko adierazten duen interesa, horrela bietatik lortzen baitu diru publikoa. Egia da jende askok laguntza behar duela. Egia da, baita ere, boluntario asko daudela besteen bizitza goxatzen laguntzen dutenak. Baina, gure iritziz, zerbitzu publiko lagungarriak era unibertsalean kudeatuko dira soilik botere publikoa arduratzen bada, bere beharretara egokitutako aurrekontuekin. Erakunde pribatuen edo norberaren borondate onaren menpe daudenen eskuetan uztea pribatizazioa eta kanpoko kontratuen politikak sustatzea da, karitatearen azoka zabaltzen dutenak, gehienbat erlijioen eskuetan.

Beste gauza bat da erakunde partikularrek edo GKEek, gizarte helburuko hainbat eginkizunez arduratzen direnak, interes orokorrekoak izanik, bere baliabide eta emaileenak ez ezik, administrazioaren kontrolpean laguntza publikoak ere jasotzea, gardentasun osoz kudeatuko direnak. 2021. urtean 124.502 pertsona (guztietatik %32) izan ziren gizarte helburuko laukitxoa markatu zutenak eta beste 28.433 (guztietatik %7,27) bi laukitxoetan X jarri zutenak, hau da, ia zortzi milioi euro.

Gai horri buruz zera bakarra geratzen zaigu esateko: nahi duenak bere dirua Eliza Katolikoari edo GKE zehatz bati edo gizarte erakundeari emateko, egin dezala nahi duen adina, baina bere patrikatik, dagokion zergak ordaindu ondoren modu gehigarrian, guztiona den aurrekontu publikoetatik dirua kendu gabe.

Alde horretatik, Ipar Euskal Herriko biztanleen egoera berean egotea gustatuko litzaiguke, 1905etik Frantzian dagoen eredua Eliza eta estatua bereiztea baita. Elizak ez du estatuaren dirulaguntzarik jasotzen, eta fededunen dohaintzen mende dago soilik, zergen aitorpenean Elizari buruzko aipamenik egin gabe.

Uste dugu aukera solidarioena inolako laukitxorik ez markatzea dela, zeren hori da biderik ziurrena zerga oro guztiena den kutxan geratzeko, gero denon intereseko diren benetako beharretan era errealistan banatzeko. Hori da Gipuzkoako ordaintzaile gehienek egiten duten hautua, 2021eko zerga kanpainan 210.160 pertsonak hautatu zuten, aurkeztutako aitorpen guztietatik %53,72 direlarik. Datu hori dela eta, 2017an inolako laukitxorik markatu ez zutenak %17,88 izan ziren, hau da, lau urtetan ehunekoak %36 egin du gora.

Amaitzeko, esan nahi dugu Gipuzkoa dela estatu osoan Eliza Katolikoaren laukitxoa gutxien markatzen den lurraldea. Jarrai dezagun bide horretatik!