Herriko jaiak eta aginte zibila
LAIKOTASUNA ETA HERRIETAKO JAIAK
Badatoz herrietako jaiak, denok (edo gehienok) hainbeste itxaroten, txalotzen eta desiatzen ditugunak. Jai hauek denboraren poderioz eraikitako zentzu komunitarioaren sinbolo dira; eta nahiz eta egia izan jaiek sentimendu kolektibo horren sinbolo direla, “gu” bat eraikiz, besteengandik bereiziz, eta geureak ditugun erreferentziak eta kanpotik harturikoak batuz, jaiek beti dute tradizioan oinarritutako osagai sendoa. Hala ere, adierazi beharra dago eraikuntza hori inoiz ez dela bere jatorrizko ezaugarriekiko guztiz fidela, izan ere bere ezaugarriak denboaren poderioz aldatu egiten dira, jendearen errealitatei, pentsamenduei eta balioei egokituz.
Aintzinatik, Eliza Katolikoak afera zibiletan eta erakunde publikoen gain izan duen eragina (eta askotan, eragina baino, inposaketa eta betebehar bihurtu dena) modu batera edo bestera oraindik mantentzen da. Eragin eta inposaketa honek, betiere tradizioan oinarritua, udaletxe asko bultzatzen ditu erritual eta sinbologietan parte hartzera, Elizaren ordezkariekin mahaia eta oholtza partekatzeraino. Baina gizarte orotan daude tradizio “positiboak” (festa bera, adibidez) eta tradizio “negatiboak” (hala nola, jazarpena edo sinbolo ez partekatuen inposaketa).
Espainiako Estatuko lege gorena den Konstituzioaren arabera, Estatua akonfesional gisa definitzen da, hots, herrietako agintariek ez dute parte hartu behar , ordezkari politiko gisa, edozein elizatako ekitaldietan (beste gauza bat litzateke norbanako gisa joatea erabakitzea beren kargu politikotik haratago). Izan ere, Estatuaren eta edozein erlijioren arteko banaketa denok legearen aurrean dugun berdintasuna bermatzeko modua da. Gainera, gizarte sekularizatuetan bizi gara, non euren burua fededuntzat duten horiek beren erritual propioak dituzten, Aste Santua adibidez.
Hortaz, exigitzen dugu herrietako festak jarduera hertsiki zibil gisa garatzea, inolako konnotazio erlijiosorik gabe. Beharrezkoa da ekitaldi ofizial guztietatik edonolako sinbologia erlijiosoa ezabatzea. Modu berean, eskatzen dugu udaletxeek ez dezatela inolako erritu edo ospakizun erlijiosorik sustatu, eta ekitaldi zibiletara ez dadila ezein erlijiotako ordezkaririk gonbidatu.
