“Berria”n argitaratua.

 

2015-01-25 / Lola Roldan – Laikotasunaren aldeko taldea

Bi aste igaro dira urtarrilaren 7an Parisen Charlie Hebdo-ren eta koxer janari denda baten kontrako atentatu jihadistak Mendebaldeko gizartearen martxa barea astindu zuenetik. Oraindik kalean da gertakari odoltsu horiei erantzuteko Parisen eginiko makromanifestazioaren oihartzuna; europar gehienek bat egin genuen harekin, nahiz eta beste estatu batzuetan bizi. Egia da osagai erlijiosoa dutela bai aldizkari satirikoaren kontrako atentatu basatiak eta bai lehendik egindako beste batzuek, eta jihadistak ibili direla tartean, baina Parisko atentatua guztiz dago erlijioari lotua. Mahomaren zintak argitaratze hutsagatik erail dituzte terroristek Charlie Hebdo aldizkariko marrazkilariak; adierazpen askatasuna erabiltzen zutelako hil nahi zituzten ezkerreko librepentsalari horiek. Arrazoi erlijioso hutsengatik, heriotza zigorrera kondenatu zuten Salman Rushdie 1989an, The Satanic Verses liburua zela eta. Khomeini aiatolak, fatua bat egin, eta hura hiltzera deitu zuen, Mahomaren kontra birao egiteagatik. Rushdiek, oraindik ere, ezkutuan bizi beharra dauka. Egia esateko, zehaztu beharra dago terrorismo erlijiosoa ez dela fanatiko islamisten kontua bakarrik. Beste erlijio batzuetan ere, hala nola kristautasunean, badituzte beren terroristak. Espainian, azken urteotan, atentatuak egin izan dira oraindik ere, kristau erlijioaren izenean. 2006an, Leo Bassi showman-ak bere ikuskizun bat aurkeztu zuen Alfil antzokian: La revelación, oso lan kritikoa kristautasunarekin. Terrorista kristau batzuek bonba bat jarri zuten teatroan; zorionez, ez zen inor zauritu. Era berean, 2011n, bi lagun sartu ziren Kataluniako Teatro Nazionalean Gang Bang, Obert fins a l’hora de l’Angelus lana jokatzen ari zirelarik; emanaldia eten, eta gauzak botatzeari ekin zioten, oihuka: «Ez alferrik erabili Jainkoaren izena, malapartatuok, biba Kristo Errege, biba Kristoren apaizak! Sasikoak!». Eta hortxe dago Javier Krahe ere: 2012an epaitu egin zuten, bideo batean gurutze bat kozinatzen ageri zelako. Iaz, 2014an, Reina Sofia museoak zerbait esan beharra izan zuen, «argia ematen duen eliza bakarra, sutan dagoena» esaldia zuen artelan bat zela medio. Horretaz guztiaz gainera, kristau fanatikoek atentatuak egin dituzte haurdunaldiak eteten dituzten kliniken eta medikuen kontra. Integrismo erlijiosoek arau politiko bihurtu nahi dute erlijioa, herritarren eskubideak mugatuz, bekatua delitu gisa ezarriz berriro, kontzientzia askatasuna urratuz, eta politikaren eta erlijioaren arteko banaketa hautsiz. Zentsura erlijiosoa inposatu nahi dute, adierazpen askatasunaren eta kontzientzia askatasunaren gainetik. Kontzientzia askatasuna da libreki pentsatzeko eta norberaren pentsaeraren eta kontzientziaren arabera jarduteko modua ematen digun tresna bakarra, eta ordena publiko demokratikoa da muga bakarra; hau da, besteen askatasunei kalte ez egitea da muga bakarra. Laikotasunak bermatzen du kontzientzia askatasuna, politika eta erlijioa argiro bereiziz, halako moldez non herritarren eskubideak babesturik baitaude erlijioen esku hartzeetatik. Horregatik, estatu laikoa aldarrikatzen dugu, horixe baita lanabes bakarra erlijioek gai politikoetan esku sartzea eragozteko, herritarren askatasunak eta kontzientzia askatasuna arrazoi erlijiosoengatik mugatzea eragozteko, dela adierazpen askatasuna, dela haurdunaldia etetekoa edo beste zeinahi. Estatu laikoa ezin da uztartu inolako diskriminaziorekin, eta berdin babesten du sinesteko askatasuna nahiz ez sinestekoa