Cadizeko Udalak Elizari zerga kobratuko dio gurtzarako ez diren lokalengatik

“argian” argitaratua

Cadizeko Udalak Elizari zerga kobratuko dio gurtzarako ez diren lokalengatik

  • Ondasun Higiezinen Zergaren fakturak kobratuko dizkio Eliza katolikoari gurtzarako ez dituen lokalengatik, hala nola, etxebizitza, garaje eta bestelako lokalengatik. Neurri horretatik kanpo geratuko dira gurtzarako eta hezkuntzarako dituen higiezinak, hau da, parrokiak, elizak eta ikastetxeak.
ARGIA @argia
2020ko martxoaren 23a

Cadizeko katedralaren plaza. Argazkia: Wikimedia.

Cadizen Adelante Cadizek zuzentzen du udal gobernua eta adierazi du administrazio eta erakunde guztiek ahalegin handia egingo dutela koronabirusak eragindako egoerari eta ondoren etor daitezkeen ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Horregatik, beharrezkotzat jo du Elizak ere ahalegin horrekin bat egitea, Cadizeko hiriburuan dituen jabetza horiek kudeatzeagatik jasotzen duenaren zati bat emanez.

Ser irrati kateak eman du albistea. Irrati kateak 2012ko erreferentzia aurkitu du, jasotako diru kopurua zenbatekoa den kalkulatzeko. 2012ko azterlan baten arabera, Cadizeko Eliza Katolikoaren mendeko higiezinen katastro balioa 17,5 milioi euro ingurukoa zen. Beraz, urtean 200.000 euro ordaintzea zegokion. Kontuan hartu behar da, ordea, kopuru horretan sartzen direla elizak, parrokiak, katedrala eta ikastetxeak. Alegia, udalak jasoko lukeen kopurua askoz txikiagoa izango litzateke.