Irakaskuntza publiko eta laikoaren alde

Urtero bezala, iritsi da gure eskoletara aurrematrikula sasoia. Eta, urtero bezala ere, hemen gaude gure iritzia adierazi nahian.

Zalantzarik gabe, gure gomendioa eskola publikoa da. Gure aburuz, eskolak publikoa, bakarra, demokratikoa, doakoa, unibertsala eta laikoa izan behar du, zeren soilik horrela lortuko dugu hurrengo belaunaldia berdintasunean heztea. Gure eskoletako gelek jakinduria lekuak izan behar dute, non kontzientzia askatasuna bermatzen den inolako dogmarik inposatu gabe eta desberdinen arteko elkarbizitza garatzen den.

Baina paradisu guztiek dute bere sugea eta aitortu behar dugu gure eskola publikoa ez dela zehatz-mehatz deskribatu duguna, eta ez da maisu/tra, irakasle, ikasle eta gurasoen erruz, zeintzuk ideia hauek aurrera eramaten saiatzen diren gogo handiz. Ez, errua Francoren diktadura-erregimenarena da. Francorena eta 1953an Eliza Katolikoarekin sinatu zuen Konkordatuarena, 70 urte geroago erlijioa eskaintzera bederen behartzen gaituena. Erlijio katolikoa da Vatikanoekin izenpetutako akordioaren ondorioz matrikula paperetan aurkeztu behar dena, baina 1992tik beste zenbaiti ere lekua egin zaie, hura bezain demokratiko eta feministak.

Onartzen eta defendatzen dugu mundu guztiaren eskubidea bere ideologia eta/edo fedea edukitzeko, baina proselitismoa egiteko eta doktrinatzeko beste leku batzuk daude (elizak, meskitak, tenpluak), eta kontuan izan behar da umeak pertsonak direla eta ez gurasoen zati bat edo jabegoa, eta horiek ezin dizkietela beren sinesmenak inposatu.

Kontuan izan behar dugu ez direla eskaintzen erlijio guztiak, gutxi batzuk baizik, eta horrek egoera hau pribilegioa bihurtzen duela. Pribilegio hitza erabiltzen dugu eta ez eskubidea, askotan esan dugun bezala, benetan eskubide bat balitz ume guztiek gurasoek aukeratutako ideologiako klaseak izango lituzkete eta ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Esaldi hau ez dadila gaizki ulertu, gure helburua da daudenak ateratzea, ez gehiago sartzea. Gazteentzako hezkuntza zientifikoa eta kritikoa nahi dugu beren kabuz pentsatzen eta beren ideiak garatzen irakatsiko diena, bakoitzak bere aburua izan eta argudioz defendatzeko gai izan dadin. Alderantziz, eskaintzen diren erlijioen oinarria zera da: «Nik arrazoi dut eta beste guztiak oker daude», «Ez pentsatu zure kontura, gure jakintsuek egingo dute zure partez», «Obeditu ezazu». Ez, hezkuntza, publikoa gutxienez, ez da horientzat lekua.

Bestalde, azkeneko urteetan erlijio matrikulazioak izan duen gainbeheraren ondorioz, askotan «fededunak» bihurtzen dira taldeko bereziak eta ez alderantziz.

Beste bi detailetxo: lehenengoa, erlijio katolikoan ikasle batek (bestetan hamar behar dira) taldea osatzen du eta mailakide guztien aurrera egiteari eragiten dio, zeren beste hauek ezin dute profitatu ordu hori gai arruntak jorratzeko, hori diskriminazioa omen dela eta. Bigarrena, erlijioko irakasleek gotzainaren onespena behar dute beren lanerako, baina ordaintzen diena gobernua da. Nahiz eta zenbat eta ikasle gutxiago izan orduan eta gehiago eralgitzen da erlijioko klaseak direla medio. Dugun azken datua 2021ekoa da: 115 miloi euro erabili ziren horretarako. Denon artean ordaindu ditugun 115 miloi.

Esan bezala, gure ustetan hezkuntza publikoaren helburuetako bat neska-mutilen arteko elkarbizitza, solidaritatea eta errespetua irakastea da, eta hori zaila da Haur Hezkuntzatik bere gurasoen ideia/fedearengatik bereizten hasten bagara. Gure eskoletan ezin onartua da etnia, gizarte arazo-maila, sexua, dibertsitate sexuala edo sinesmenengatik inor baztertua izatea.

Artikulu hau irakurri duzuen askok ziurrenik pentsatu duzue oso ezaguna egiten zaizuela gure erretolika eta ez da harritzekoa; borroka honetan ari gara 1975az geroztik eta orain arte lortutako bakarra da erlijio katolikoa ez izatea derrigorrezkoa ikasle guztientzat. Horren truke eta demokraziaren izenean, lehen esan bezala, 1992tik beste zenbait eskaini behar dira. Bada alderdi politiko bat 1975etik ere hauteskunde kanpaina guztietan Konkordatua ezabatu eta benetako estatu (eta hezkuntza publiko) laikoa izango dugula agintzen diguna. Momentuz ez du hitza bete eta egingo duen esperantza gutxi dugu, baina borrokan jarraitzen dugu eta horregatik eskatzen dizuegu berdintasunaren, demokraziaren eta feminismoaren izenean: ez matrikulatu zuen umeak erlijioan. Eskola publiko euskaldun eta laikoaren alde!