Alderdi politikoak gizarte laikoarean erronkaren aurrean
MAHAI INGURUA: “Alderdi politikoak gizarte laikoaren erronkaren aurrean”
LAIKOTASUNAk antolaturik atzo, azaroak 24, alderdi politikoen mahai inguru bat egin zen, alderdi bakoitzak azaldu zezan zein den datozen hauteskundeetarako bere programa laikotasunari buruz. Hauek izan ziren alderdien ordezkariak: EAJren aldetik, María Eugenia IPARRAGIRRE; PSErenetik, María Luis GARCÍA GURRUTXAGA; EHBILDUren ordezkaria, Ainhoa BEOLA; PODEMOSena Josetxo ARRIETA, eta UNIDAD POPULAR/ORAIN BATERArena Jon HERNÁNDEZ.
Mahai inguruaren moderatzaile lana MARIANO FERRERrek egin zuen. Bertan gure gizartea eta kontzientzia-askatasuna zein laikotasuna lotzen dituzten gai nagusiak jorratu ziren. Besteak beste, alderdi politikoen ordezkariek azaldu zuten eta eztabaidatu zen ea estatua “akonfesionala” edo “laikoa” izan behar duen; gehienak laiko izaeraren aldeko agertu ziren.
Jorratu zen beste gai bat, Estatu espainola Eliza katolikoarekin lotzen duen Konkordatuarena izan zen. Guztien aldetik adostasuna zegoen berrikusteari buruz, eta gehienek argi eta garbi hura deuseztearen alde agertu ziren. Orobat plazaratu zen Eliza katolikoak OHZergaz salbuestsia egotea justifika daitekeen edo gainerako hiritar guztiek bezala ordaindu behar duen, behar diren urratsak eman eta gero; elizen finantzaketa publikoa erabat desagertu behar duen ala ez, eta zehazki, PFEZergako laukitxoak desagertzearen inguruko eztabaida.
Horiek eta beste hainbat gai jorratu ziren mahai inguruko ia bi ordu luzeetan zehar: Eliza katolikoak egindako immatrikulazioak, erlijio irakasgaia ikastegietan, notarako eta bekak lortzeko duen balioa; kargudun publikoek erlijio-ekitaldietan parte hartzea agintari publiko gisa; gune eta zerbitzu publikoetan erlijio-ikurrak mantentzea…
Aipatzekoa da entzule asko hurbildu zirela, Dr. Camino Liburutegiko aretoa bete arte, eta orobat entzule guztien parte-hartzea bizia eta aberasgarria izan zela alderdien ordezkariekiko eztabaidan.
