Uriartek ez daki/ez du erantzuten
“berria”n agitaratua 2015ko azaroaren 13an
Uriarte sailburuak ez daki, ez du erantzuten
Marijose Molina eta Tere Maldonado1
Bidegabekeria nabarmenak, batzuei pribilegioak zabaltzea eta
besteei eskubideak ukatzea, boterearen gehiegikeriak, eta
disimulurik gabeko lotsagabekeriak egunerokoak bihurtu dira,
zoritxarrez. Agian horregatik izango da erlijio ikasgaiaren inguruan
irakaskuntzan gertatzen denak gizarte-asaldurarik ez eragitea eta
eskandalurik gabe urtez urte hor jarraitzea. Azkenean, beste
bidegabekeria bat besterik ez da; beste bat.
Seguruenik denek ez dakite, edo ez dira jabetu, irakaskuntza
publiko eta kontzertatuko Erlijio katolikoko irakasleak Gotzaitegiak
izendatuak direla, eta administrazio publikoak ordaintzen dituela.
Zientzia, edo filosofia edo gimnasiako irakasle izateko, betekizun
batzuk daude, hala nola, titulu baten jabe izatea, irakasesperientziaren
araberako puntuak eskuratzea, lehiaketa-proba
bat gainditzea, eta abar. Betekizun horiek berdinak dira irakasle
gisa hezkuntza-sisteman sartu nahi nahi duten guztientzat, eta
jakina, inori ez zaio galdetzen erlijio-sinismenik duen, edo
zernolako sinismenak diren. Baina Erlijio katolikoko irakasleek
beren bide propioa egiten dute. Egia esan bide baino areago bide
azkarra edo bidezidorra da, besteena baino laburragoa eta
erosoagoa. Eliza katolikoak diktadurak iraun zuen ia lau
hamarkadetan (lotsarik gabe) gozatu zituen pribilegioak ez dira
ezabatu erregimen nazional-katolikoa ustez desagertu zenetik
igarotako ia lau hamarkada geroago. Are gehiago, gure erkidegoan
indartu egin dira. Duela urte batzuk ezkeroz, erlijioko irakasleek
1 Maria Jose Molina eta Tere Maldonado Laikotasuna eta Hezkuntza Laikoa
elkarteetakoak ditra, hurrenez hurren.
hezkuntza-sistemara sartzeko bide bat dute, -gotzaien
baimenarekin, noski, gainerokooi eskatzen zaizkigun betekizunak
bete gabe, eta horrez gainera baimen osoa dute erlijioaz bestelako
irakasgaietan ere aritzeko. Ez duzula sinesten? Bada hala da, eta
azpimarra dezaguna dezagun hala dela orain urte batzuk Eusko
Jaurlaritzak (EAJko lehendakariarekin) eta ELA, CCOO eta UGT
sindikatuek sinatu zuten akordioari esker.
Direla aste batzuk, Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza, Hizkuntza
Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte andreari gai horri
buruzko informazioa eskatu zitzaion. Belen Arrondo, EH Bilduko
legebiltzarkideak egin zion galdera. Kontuan hartuz gauza benetan
bitxia dela erlijioko irakasleak (ez ahaztu, gotzaiek izendatuak)
beste ikasgaietako irakasle gisa jardutea, Arrondo andreak datu
zehatzak eskatu zizkion, ea zenbat diren beste ikasgaiak ematen
dituzten erlijioko irakasleak, zein ikasgaitan aritzen diren, eta
zenbat ordu denera. Horrela xehetasunak eskatzen zitzaizkion ,
gotzaiaren graziaz ukitu gabeko beste irakasleei bidegabeki
kendutako (hots, lapurtutako) ordu kopuruari buruz. Ez dezagun
ahantz Erlijio ikasgaia ez diren beste ikasgaietan irakasteaz
gainera, beste irakasleei lanorduak ere lapurtzen dizkietela, zeren
haiek bezalaxe eskuratzen dituzte zuzendaritzako postuak,
proiektuen (Agenda 21 eta besteak) ardura hartzen dute, jangelen,
liburutegien ardura bereganatzen dute… Baina galdera mugatua
zen: horrelako modu bidegabean ematen dituzten ikasgaiak zein
eta zenbat ordukoak ziren.
Uriarte sailburuaren erantzunak txundituta utzi gintuen. Hitzez
hitz: “Bigarren Hezkuntzari buruzko informazio zehatzik ez dugu,
baina badakigu 2009ko maiatzaren 4an Administrazioak eta
sindikatuek sinatutako Akordioaren arabera, zilegi dela beste
irakasgaiak ematea Erlijio ikasgaia emateko dituzten orduekin
kontratua osatzeko adina ordu ez dutenean”
Eskerrak sailburu andreak lasaitu gaituela esanez jokabide
onartezin hori legezkoa dela. Izango da, baina gu bezala zenbait
pertsona eta taldek zalantzan jartzen duguna da bidezkoa, zilegi
izatea. Baina horrez gainera, sinets al daiteke sailburu batek ez
edukitzea bere sailak kudeatzen duen alorreko langileen datuak?
Bada bai, nonbait. Guri ordea kezkagarri iruditzen zaigu diru
publikoaren kudeaketan horrelako zabarkeriaz jokatzea.Ez ote da
benetan gertatzen sailburu andreari lotsa ematen diola
zenbakitan zehaztea norainokoak diren Eliza katolikoak
irakaskuntzan dituen pribilegioak, eta nahiago duela intzentsuaren
kez estaltzea? Gogora dezagun Erlijioko irakasleak Gotzaiak
izendatuak direla, baina Administrazioak ordainduta, hots, hiritar
guztiok ordaintzen ditugun zergetatik ateratako diruarekin.
Hartu kontuan: unibertsitateko ikasketak bukatzen dituen pertsona
bat, Hezkuntza Ordezkaritzak dauzkan ordezkapenak egiteko
zerrendetan ematen du izena, eta horrela, piskanaka,
esperientziaren araberako puntuak pilatuz doa, irakasle-lanean
jarraitzeko oposaketa publikoa prestatu eta irabazten duen
persona bat, baztertua gelditzen da, aukera-berdintasunerako
eskubidea (nonbait legez ez da horrela) zapuzten diolako elizaren
pribilegioetan zamalkatuz . Teokrazia edo Erdi Aroa? Ez, nonbait,
hori Euskal Autonomia Erkidegoan XXI. mendearen hasieran
gertatzen ari baita. Gure ustez, jende xehearen bide apaletik
irakaskuntzan aritu nahi duten pertsona haiei gutxienez zor zaiena
da argitzea zenbat diren erlijioko irakasleak bereak izan beharko
luketen lanpostuetan. Zenbat ordu diren legalki, baina bidegabeki,
lapurtzen zaizkienak. Baina gure gizartean horrelako gauzak
eskatzea ausarkeria lotsagabea besterik ez da.
Aitzitik, datu horiek ikastegi bakoitzeko ordutegietan islatuta egon
behar dute, publikoak izan behar dute, denontzat eskuragarri.
Administrazioaren obligazioa da hala izan dadin. Hezkuntzaren
alorrean lan egiten duten taldeei , eta hiritar guztiei errespetua
zor zaie, eta ez informazioa ezkutatzea. Denon eskubidea da
parlamentuan egindako galderek erantzun egokia izan dezaten,
datuz hornituriko erantzunak, eta ez “ez dugu eskura horrelako
informaziorik” bezalako lotsagabekeriak. Uriarte andrea, zure
obligazioa da informazio hori eskuratzea, eta eskatzen zaizunean
ematea. Horrela jokatzeak izen hauek mereziko lituzke:
gardentasun administratriboa eta demokrazia. Informazioa
ukatzeak, berriz, beste hauek besterik ez: kudeaketa oskurantista
eta antidemokratikoa.
