ElizaK laurden bat galdu du zergetan Gipuzkoan
Berria 2015/09/04
ELIZA KATOLIKOA
Elizak laurden bat galdu du zergetan Gipuzkoan
Errenta aitorpeneko sistema aldatuta, 1,3 milioi galdu ditu. Hegoaldean, %11 jaitsi da bi urtean.
Juan Ignacio Munilla, Donostiako gotzaina. / Juan Herrero, Efe
2015-04-09 / Garikoitz Goikoetxea
Polemika handia eragin zuen iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak errenta aitorpenean egindako aldaketak: Elizari eta elkarte sozialei aldi berean ezin zaie eman zerga aitorpenaren %0,7. Aldundiaren esanetan, herritarren borondatea “hobeto islatua” geratzen da horrela, eta “neutraltasuna” du diputazioak elkarte sozial eta erlijiosoekin: “Administrazio akonfesionala eraikitzeko bidean, formulario publikoetarako edukiak eta hizkuntzak posizio hori adierazi behar dute”.
Iazko diru bilketaren datuak eman ditu Espainiako Gotzainen Biltzarrak, eta jaitsiera nabarmena ageri da Gipuzkoan: 1,3 milioi gutxiago bildu ditu Elizak errenta aitorpenean.
Donostiako Elizbarrutiko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, hala ere, horrek ez dio zuzeneko kaltea ekarriko Jose Ignacio Munillaren gotzaindegiari. Espainiako estatu osoan bildutako dirua poltsa bakarrera bideratzen dute, eta handik banatzen diote gotzaindegi bakoitzari. Hortaz, jaitsierak ez du esan nahi Donostiako Elizbarrutiak 1,3 milioi gutxiago izango dituela.
Hona Hego Euskal Herriko datuak, herrialdez herrialde:
Gipuzkoa. 3,7 milioi euro bildu zituzten iaz Elizarentzat errenta aitorpenean, aurreko urtean baino 1,3 gutxiago (%26ko jaitsiera). 77.000 gipuzkoarrek markatu zuten Elizaren laukitxoa, aurreko urtean baino 35.500 gutxiagok. Gaur egun, bost gipuzkoarretik bakarrak (%20,28) bideratzen du errenta aitorpenaren %0,7 Elizarentzat.
Bizkaia. Igoeratxo bat izan du Elizak Bizkaian. 9,3 milioi bildu ditu —aurreko urtean baino 27.000 euro gehiago—. Jende kopuruari erreparatuta, ordea, beherantz ari da zertxobait —4.000 lagun gutxiagok markatu dute laukitxoa; denera, 187.000 pasatxok—. Hiru bizkaitarretik batek (%32,12) aukeratu zuen zerga bilketaren zati bat Elizari ematea.
Araba. Zertxobait handiagoa da igoera Araban, baina ez da oso nabarmena: 41.000 euro gehiago —2,6 milioi euro jaso ditu Elizak—. Elizari dirua ematea aukeratu dutenak gutxiago dira kopuru osoa ikusita —60.000 lagun eskas—, baina portzentajean, zerbait igo da Elizaren alde egin duten herritarren kopurua. Hirutik bat pasatxok (%34,33) egin dute hautu hori.
Nafarroa. Babesik handiena Nafarroako zerga bilketan izan du Elizak: %37k markatu dute laukitxoa. Jaitsiera nabari da, hala ere. 4,7 milioi euro jaso ditu Elizak, aurreko urtean baino 200.000 euro gutxiago. 5.300 lagunek utzi diote dirua emateari —178.000 pertsonak markatu dute laukitxoa—.
