Erlijioak ez du eraginen ikasleen espedientean LOMCE berrituan

“Berrian” argitaratua

Erlijioak ez du eraginen ikasleen espedientean LOMCE berrituan

Legea aldatzeko bederatzi ardatz argitaratu ditu Espainiako Gobernuak. Errebalidak legez kendu, eta hezkidetza programak sustatuko dituzte
Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Zelaa.
Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Zelaa. DAVID AGUILAR / EFE
2018ko azaroak 3

Lehen urratsa egin du Espainiako Gobernuak PPren hezkuntza erreforma antzutzeko. LOMCE Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa moldatu egin nahi du Pedro Sanchezen gobernuak, «hezkuntza komunitateak eta gizarteak eginiko protesta uholdea» aintzat hartuta. Besteak beste, Erlijio ikasgaiak espedientean duen eraginari, ikasleak ebaluatzeko sistemari eta ikastetxeen autonomiari buruzko artikuluak berridatziko dituzte; eta, horretarako, bederatzi puntuko lan dokumentua ikusgai paratu du Espainiako Hezkuntza Ministerioak.

Erreformaren xedea da «LOMCEk eragindako arazoak» konpontzea. Horien artean, agirian propio aipatzen dira errebalidak —2016ko urritik etenda daude—, ikasleen arteko «arrakala handitzea», ikastetxeen «hierarkizazioa» eta hezkuntza komunitatearen parte hartzerik eza.

Horri guztiari aurre egiteko, lege erreformaren ardatzetako bat izanen da hezkuntzaren ebaluazioaren izaera hezitzailea eta jarraia: «Ikasleen, ikastetxeen eta administrazioen diagnostikoa egiteko eta hobetzeko baliabide bat izan dadin». Horrez gainera, «hezkidetza» sustatuko dute curriculumean, «aniztasuna aintzat hartuko duen hezkuntza inklusibo bat» bermatze aldera. Hezkuntza komunitateko eragileen rola ere indartuko dute.

Erlijioari dagokionez, berriz, araua moldatuko du Hezkuntza Ministerioak, ikasgai horretako kalifikazioak espedientean eraginik izan ez dezan. Erlijioa ematen ez dutenek ez dute ordezko ikasgairik eman beharko.