Ez dugu xantaiarik onartuko
Berrian argitaratua
Ez dugu xantaiarik onartuko
2015-08-28 / Maria Jesus Molina – Laikotasuna kolektiboko kidea
Jende laikoak ez du xantaiarik onartzen. Ez gotzaintzarenak, ez inongo instituzioarenak. Horregatik , eskola publiko laikoa lortzearen aldeko ekinean, lanean jarraituko dugu, behar den guztia salatzen. Eta horrelako eskola batean erlijio-klaseek ez dute inolako tokirik.
Ez baita onargarria gure eskola publikoan neskato eta mutiko txikiak beren gurasoen sinismenen arabera bereiziak izatea.
Gure neskato eta mutikoak berdintasunean heztea ez baita bateragarria emakumeen menpekotasuna aldarrikatzen duten balio erlijiosoekin, ezta arrazoia eta zientzia zapuzten dituzten edukiekin ere.
Administrazioek ezin baitute jarraitu ordaintzen hiritar guztien zergekin batzuen doktrinatzea; are gutxiago, gainerako irakasleek ez dituzten bide pribilegiatu batetik eskola publikora sartzen diren irakasle-kolektibo bat. Irakasle horiek gotzaintzak izendatzen ditu, eta gainerako irakasleek bete behar dituzten bide eta izapideak saihestuz sartzen dira ikastetxeetara, administrazio publikoan edozein lanpostutara iristeko ezarrita dauden arauak hankapetik pasatuz.
Guraso guztiek eskubidea dute beren seme-alabak erlijio edo sinismen jakin batean hezteko, baina, hori hautu pertsonala eta pribatua denez, eskolatik at eman beharko litzateke heziketa hori: elizetan, meskitetan, sinagogetan edo gainerako erlijio-guneetan.
Hori defendatzen dugulako, Laikotasuna Kolektiboak aspertu gabe salatuko du erlijioa emateko hartzen diren irakasleen egoera pribilegioduna eta zilegitasunik gabea dela.
Egunotan gauzatu dira bitarteko irakasleen lanpostuen esleipenak. Irakasle horietako askok ez dute jakingo desagertu egin direla haienak izateko esperantza zeukaten lanpostu horietako batzuk, zergatik eta erlijio-irakasleei zuzenean esleitu zaizkielako. Gainera, irakasle horiek erlijioa emateko nahiko ordu ez daukatenez (izan ere, urtetik urtera behera doa erlijio irakasgaia aukeratzen duten ikasleen kopurua), beste irakasgai batzuetarako izendatzen dituzte (historia, filosofia, psikologia…). Gotzaintzak hatzez izendaturiko irakasleek zuzenean bereganatzen dituzte lanpostuak, eta gainerako hiritar arruntei administrazioan lan egin ahal izateko ezinbestean bete behar dituzten betekizunak «barkatzen» zaizkie.
Hiritar guztiontzat, eta oso bereziki emakumeentzat, iraingarria da homosexualei buruz eta emakumeei buruz botatako nazkagarrikerien (gogora ditzagun hurrengo aipamenak: «emakumeak abortatzen badu, gizonezkoari zilegi zaio hartaz abusatzea», «eskoletako hezkuntza sexuala homosexualitatea goraipatze hutsa izaten da», Ezkondu zaitez, eta otzan izan liburua…) arduradunak izatea gure seme-alaben hezkuntza zer izango den, eta nork emango duen erabakiko dutenak. Izan ere, haiek dira curriculuma erabaki eta irakasleak izendatzen dituztenak. Eta, azaldu dugun bezala, irakasle horiek, azkenean, eskolako beste irakasgaiak eman eta hezkuntza sisteman era guztietako karguak bereganatzen dituzte.
Hezkuntza Sailak atzera bota behar du 2009an sinatutako akordio sindikala, Administrazioaren eta erlijioko irakasleen kolektiboaren artean, bidegabeko egoera honetara ekarri gaituena. Nabarmentzekoa da egoera hori Euskal Autononomia Elkartean bakarrik gertatzen dela; honako hau esaten du, hitzez hitz, EAEko ikastegi publikoetan 2015-2016ko ikasturtea antolatzeko ebazpeneko 2.3.3.g puntuak: «Erlijioko irakasleek gaiari dagozkion eskola-orduak eman behar dituzte, eta, beharrezkoa bada, beste irakasgai batzuk eman ditzakete ordutegia osatzeko». Esan gabe doa irakasgai horien ardura ordezkoei eta bitartekoei kentzen zaiela, erlijio irakasleek baino antzinatasun eta puntuazio handiagoa izan arren.
Konkordatuak eta erlijioa eskatzen duten eskolentzako nahitaez eskaini behar dela ezartzen duen Eliza eta Estatuaren arteko hitzarmenak indarrean jarraitzen duten bitartean, hezkuntza-administrazioa behartuta egongo da gotzaintzak proposatutako erlijio-irakasleak kontratatzera, erlijio-eskolak, eta eskola horiek bakarrik, eman ditzan; baina inondik ere ez dago behartuta beste eginkizunik ematera eskola publikoan.
Eta Laikotasuna taldeak, bai eskolaren barruan eta bai kanpoan, ahaleginean jarraituko du erlijioak ez direla eskoletan eman behar defendatzen, gure eskolak publikoa eta laikoa izan behar duelako.