Oiartzungo Udalera zuzendutako mozioa

Legearen aurreko berdintasunaren printzipioa oinarrizkoa da demokrazian. Herrialde eta erakunde demokratiko guztiak behartuta daude berdintasunaren printzipioa zorrotz errespetatzera, eta saihestera pertsona baten, talde baten edo erlijio baten alde egitea dakarren edozein jarduera edo egoera, edo babes gabezian dauden herritar taldeenganako, esate baterako emakumeenganako edo beste sinesmen, pentsamolde eta jokabide batzuk, gehiengoarenen desberdinak, dituztenenganako tratu diskriminatzailea. Ezin dugu ahantzi emakumeak, oro har, eta genero eta sexu hautu jakin batzuk erlijioek bereziki zigortu izan dituzten sektoreak izan direla historian zehar. Gure gizarteko egoera ekonomikoa bankuek, merkatuek eta espekulatzaileek aurrera eramandako ebasketa erraldoiaren eta erakunde publikoen kudeaketa okerraren ondorio da, baina baita diru beltzaren joan-etorriek daukaten erraztasunaren eta dagoen iruzur fiskal izugarriaren emaitza ere. Hori guztia euskal hiritarron bizkarrera erortzen ari da, eta denok ari gara jasaten izugarrizko langabezia, pobreziaren hazkundea, oinarrizko gizarte-eskubide askoren murrizketa, BEZaren eta gainerako zergen igoera, eta soldaten eta pentsioen gutxitze orokor eta aldebakarrekoa. Zerga gaietan, kontu bat dago, guztiz diskriminatzailea dena herritarrekiko. Egoitza Santuaren eta Estatu espainolaren arteko itunek salbuespen osoa eta iraunkorra ezartzen dute Eliza Katolikoaren ondasun higiezinen gaineko zerga ekarpenei dagokienez, erakunde pribatu hori izan arren ondare higiezin handiena pilatzen duena. Elizak duen exentzio fiskalak diru zenbateko izugarri handiak jaso gabe geratzea dakarkie udalei, gainerako herritar guztiok ordaindu behar ditugun zenbatekoak. Egungo krisialdi ekonomiko eta sozialean, salatzeko modukoa da ondasun gehien dituen jabea zerga hori ordaintzetik salbuetsita egotea eta dagokiona ez ordaintzea. Zerga-iruzurrak eta zerga salbuespenak (OHZ eta beste zerga batzuena) izugarrizko zama dira gure udalen diru kutxentzat, eta berdintasunaren printzipioa urratzen dute: hori guztiz bidegabea iruditzen zaigu. Aurrekoak kontuan hartuta, honako erabaki hauek har ditzan proposatzen diogu Osoko Bilkurari. ERABAKIAK 1.- Oiartzungo Udalak Eliza Katolikoaren eta beste erlijioen izenean eta haiekin lotutako erakundeen eta elkarteen izenean erregistratuta dauden landa eta hiri ondasun higiezinen zentsu osoa egingo du. 2.- Oiartzungo Udalak Gipuzkoako Batzar Nagusiei exijitzen die behar diren foru arauak alda ditzaten, lurralde historiko honetako udalek legezko aukera izan dezaten Eliza Katolikoaren eta beste erlijio sinesbideen ondasun higiezinen gaineko zerga kobratu ahal izateko. 3.- Oiartzungo Udala prest azaltzen da erlijio sinesbideen ondasun higiezin guztien gaineko zerga kobratzea onartzeko, behin hori ahalbidetuko duten foru arauak aldatuz gero. 4.- Oiartzungo Udalak Espainiako Kongresuari exijitzen dio deusezta ditzala espainiar Estatuak eta Egoitza Santuak sinaturiko akordioak, bereziki ekonomia gaietakoak, kontuan izanik azken erakunde horrek ez dituela betetzen, batez ere autofinantziazioari dagozkion alderdiak. Mozioa babesten duten Oiartzungo taldeak:

  • AEK
  • ANTIJU MORIK
  • ALTZIBARKO KULTUR TALDEA
  • EKOLOGISTAK MARTXAN
  • EL WATAN
  • OIARTZUNGO EMAKUMEEN TALDEA
  • HELDUEN ANTZERKI TAILERRA
  • TTUR-TTUR EUSKALTZALEON BILGUNEA