Ez, Munilla jauna

Nahiz eta zuk atzo bestela esan zenuen, arazoa ez dute, ez, orain arte bi laukitxoak (helburu erlijiosoak eta helburu sozialak) markatzea aukeratzen zuten zergadun gipuzkoarrek. Arazoa zergadun gipuzkoar guztiek dugu, gure zergekin erlijio bat finantzatzen ari garelako, nahi ala ez. Orain arte, nahitaez, errenta aitorpenean hauxe aukeratu behar zen: %0,7 Elizari eman ala helburu sozialetarako elkarteei eman. Aurten, hirugarren laukitxoa sartu denez, ez gaude beharturik gure zergen zati bat Elizari edo helburu sozialei ematera, eta poztekoa da hala izatea. Eta ez ditzagun gauzak nahas: orain, estatuko gainerako zergadunek “aukeratzeko” duten bidea dugu guk ere, ez besterik. Baina zergak Gipuzkoan ordaintzen ditugunok arazo bat dugu oraindik ere. Eta azaro horrek bai, arazo horrek kalte larria egiten die gure eskubideei, herritarren berdintasun printzipioa urratzen duelako. Eta, gainera, auzitan jartzen ditu zuzenbide estatuaren funtsezko oinarriak. Gaur egun, Elizak, beste pribilegio asko izateaz gain, %0,7 jasotzen du Elizaren finantzaketaren laukitxoa markatzen dutenen errenta aitorpeneko kuota osotik. Segun zenbatek markatzen duten laukitxo hori, gobernuak parte hori kentzen dio kopuru osotik, Elizari emateko. 2013an, 247 milioi euro estatu osoan. Beraz, denok ordaintzen ditugun zergekin, diru publikoarekin finantzatzen da erlijio bat. Gaur egun, erlijio hori, erlijio katolikoa, saiatzen ari da emakumeei kentzen beren gorputzaz erabakitzeko ahalmena (emakume guztiei kendu ere: sinestunei, beste erlijioetako sinestunei, sinesgabeei), eta, horretarako, presio egiten du lege bihur daitezen abortuari buruzko bere erlijiio dogmak. Laikotasuna taldekook uste dugu demokrazia batean ezinbestekoak direla kontzientzia askatasuna eta herritarrentzako tratu berdintasuna; hori hala izan dadin, bereizi beharra dago publikoa eta komuna den guztia, batetik, eta pertsonen sinesmen partikularrak eta horien ondorioz sorturiko instituzioak, bestetik. Katolikoek, Eliza diruz lagundu nahi badute (jarrera kontsekuentea eta, beraz, goraipagarria), lagun dezatela, baina bakean utzirik herritarrok administrazio publikoari ordaintzen dizkiogun zergak. Eta, era berean, ez dugu egon nahi karitatea egitera beharturik. Beste helburu sozialen laukitxoaren bitartez biltzen den dirua Elizari doakio zeharka; izan ere, diru hori jasotzen duten organizazio asko Elizarenak dira, edo Elizari lotuak daude aldez edo moldez. Eta herritarrek ez dute modurik aukeratzeko zein gizarte organizaziori emango zaien diru hori. Gizartearen premiei erantzuteko, administrazioak zuzen eta egoki erabili behar du gure zergetatik jasotako dirua. Horretarakoxe ordaintzen ditugu zergak, herritarren eskubide unibertsalak bermatzeko (osasuna, heziketa, etxea…), eta errenta eta, beraz, herrialdearen aberastasuna zuzen eta modu bidezkoan banatzeko. Gehien dutenek gehiago eman dezatela gastu komunetarako eta gutxien dutenen premietarako. Eta hori justizia soziala da. Organizazio horiek, jakina, badute eskubide osoa gizartean bere lana egiteko (lan gehienetan goraipagarria), baina beren finantzaketa propioaren bitartez egin behar dute, eta ondo bereizirik kudeaketa publikoa, batetik, eta entitate pribatuen kudeaketa, bestetik. Horregatik, Laikotasuna taldeak eskatzen du ez dadila izan laukitxorik errenta aitorpenaren inprimakian, eta gure zergekin ez dadila finantzatu inolako erlijiorik, ez zuzenean eta ez zeharka. Arazo bat dugu, eta arazoa 1953ko Konkordatua eta haren ondorioak dira. Katigatuak gaude Espainiako Estatuak eta Vatikanoak 1979an sinaturiko hitzarmenak direla kausa: hitzarmen zaharkitu eta onartezin horietan, Espainiako Estatuak hitzematen du Eliza katolikoaren kultua eta kleroa mantenduko dituela, eta Eliza katolikoak, berriz, hitzematen du saiatuko dela bere kabuz lortzen nondik mantendu, baina halakorik ez du egin orain arte. Hori bai, hori bada Konkordatua ez betetzea, Munilla jauna, eta ez errenta aitorpenaren laukitxoena.