Prozesioaren bidegurutzean
BERRIAn argitaratua 2015/08/04
Iker Tubia
Gurutzeak, palioa, apaizak, sainduen irudiak, banderak… Prozesioetan falta ez diren sinboloak dira, nahiz eta beste testuinguru batean sepia koloreko irudiak ekarriko lituzketen gogora. Aspalditik heldu diren tradizioak izaten dira prozesioak, eta botere zibilaren eta sekularraren arteko lotura argia antzeztu ohi dute. Askoren ustez, baina, ez da hori bakarrik. Dantzak, musika, erraldoiak… folklorez jantzita ateratzen dira kalejira erlijioso horiek. Legeek, baina, instituzio publikoen eta erlijiosoen arteko banaketa egiten dute. Beraz, badira galdera bota dutenak: zergatik atera behar du udalbatzak herriko bestetako prozesioan?
Tuteran (Nafarroa) urratsa eman dute. Izan ere, Eneko Larrarte alkate izendatu berriak ez du udalbatza prozesioan parte hartzera deitu. Ez da deialdi ofizialik izan Ezkerrako alkatearen aldetik. Hala ere, han izan ziren zinegotziak, baina nor bere izenean, eta gehienak, zuriz jantzita, gainerako herritarrak bezala —UPN eta PPNko zinegotziak beltzez jantzi ziren, eta zinegotzi guziek duten domina eraman zuten golkoan—.
Larrartek aspalditik parte hartzen du prozesioan, erraldoi eramailea baita. Aurten ere han izan zen, baina ez alkate gisa. Dioenez, eroso sentitu zen. «Hartutako erabakia koherentea da, eta aurrera pauso bat; are, ekitaldi erlijioso batean ordezkaritza zibilarekin haustea lortu dugu, eta hori da oinarrizkoena. Parte hartzea norberaren hautua da», azaldu du. Dena den, argi utzi du ez dutela tradizioekin zerikusia duen ezer desagerraraziko. «Nik uste dut besta herrikoietan desfile zibilak egon daitezkeela», esan du.
Beste herri batzuetan, zinegotzi batzuek ez dute prozesioetan parte hartzen; adibidez, Iruñean. Aitzitik, Joseba Asiron alkateak kalejiran parte hartu zuen, nahiz eta ez zen mezan egon. BERRIA saiatu da harekin hitz egiten, baina ezin izan dio galderarik egin.
Herri batzuetan instituzio publikoek prozesioetan duten parte hartzea zalantzan jarri den bitartean, Donostian beste afera batzuengatik bertan behera utzitako Salvearen prozesioa berreskuratzeko asmoa agertu zuen Eneko Goia alkateak. Azkenean ez da eginen, ez baita kontsentsu zabalik izan. Alkatearen aburuz, hiriaren jatorria ezin da ahantzi, eta izena santu bati dagokio: San Sebastian. «Hiritarren zerbitzura egon behar dugu, eta sinesmenak hiritarren parte ere badira», dio. Erlijiotik «harago» doazen ekitaldietan parte hartzen dutela gogorarazi du, eta, beste erlijio bat balitz, berdin eginen luketela.
Erlijioa baino gehiago
Prozesioak ez dira soilik ekitaldi erlijiosoak, baina muina kristautasunean dago. Hegoaldeko instituzioak akonfesionalak dira, eta Iparraldekoak laikoak. Hala ere, ohikoa da Hegoaldeko herrietako bestetako ekitaldi erlijiosoetan agintariak ikustea. Iparraldean, ofizialki, ezin dute egon. Maite Etxeberria Ozazeko (Zuberoa) auzapezak argitu du: «Gu laikoak gara, beraz, ez dugu horrelakoetan parte hartzerik. Gero, aldiz, egia da elizen konponketak guk egiten ditugula».
Victor Moreno idazle eta irakasleak askotan idatzi du elizaren inguruan. Haren ustez, ez dago justifikatzerik agintarien presentzia ekitaldi erlijiosoetan. «Elizaren hierarkiak egindako ideologia totalitarioaren keinu sinbolikoa da, lotsagorritu gabe elikatzen duena», dio. «Beraz, han parte hartzen duenak botere eklesiastiko eta hierarkikoa indartzen du». Bere aburuz, instituzio publikoek «menpekotasun umiliagarria» agerian uzten dute ekitaldi erlijioso horietan. Are, delitua ere egiten dutela dio, instituzio publikoak akonfesionalak baitira Espainiako Konstituzioaren arabera.
Mikel Aranburuk bestelako ikuspegia du. Berak gertutik ezagutzen ditu prozesioak, haietan parte hartu ez ezik, folklorearen inguruan azterketa anitz ere egin baititu Nafarroako Ogasun kontseilari izan aurretik. Azaldu duenez, XVI. eta XVII. mendeetan elementu herrikoiak sartu zituzten, batik bat besta berrikoetan, eta helburua jendea harritzea izan ohi zen. XX. mendean, baina, kristalizatu egin ziren. Hau da, ordutik aurrera ez ziren askorik aldatu.«Instituzio bat da, hainbat iturritatik heldu diren elementuak dituena, bai elizatik —hastapena—, baita botere zibiletik eta errepresentazio herrikoietatik ere. Eraikuntza horren guziaren emaitza elementu batik bat identitarioa da». Dena den, onartu du jendea batu ez ezik «menpeko» bihurtzen dutela. «Botere faktikoak hor daude, bai Eliza eta bai zibila, eta haiek ezartzen zituzten bizitzeko baldintzak, ez zirenak batere demokratikoak. Hori aurkezten da prozesioan: agintzen duten estamentuak prozesioan daude, eta herri burujabea espaloietan dago».
Hori kontuan izanda, instituzio publikoek bi erabaki har ditzakete: prozesioetan parte hartu edo ez. Aranbururen arabera, auziak bi alderdi ditu. Batetik, politikoa: «Instituzio zibil batek erabaki dezake tradizio erlijiosoetan parte ez hartzea, ez dituztelako hiritar guziak ordezkatzen». Bestetik, ikuspuntu etnografiko eta identitarioa dago: «Antropologiaren ikuspegitik, uste dut herriaren ordezkaritzarik gabe prozesioak indarra galduko lukeela elementu identitarioari dagokionez. Gutxiengo den sektore baten esku utziko litzateke. Horregatik, agian interesgarria da parte hartzea eta bere egitea», azaldu du.
Parte hartzea baldintzaturik egon daiteke. Iruñeko alkateak egin bezala, posible da mezara ez joan, baina prozesioan ibiltzea. Aranburuk azaldu du hori betidanik egin dela: «Jendea mezara joatera beharturik zegoen, baina sermoian kanpora ateratzen ziren, erretzera, ez zelako liturgiaren parte. Nahi gabe, gauza bera egiten zuten lehen». Morenok, baina, tranpa ikusten du erabaki horretan. «Jarrera makurra da hori, eta herritar batzuekin adiskidetu nahi duen baten kontzientzia txarraren erakusgarri». Haren aburuz, mezak eta prozesioak funtsezko helburu bera dute. «Bi manifestazioek, nahi eta nahi ez, Elizak aginte zibilarekiko duen autoritatea betikotzen dute».
Tuterako alkateak uste du instituzioek «erabateko errespetua» zor dietela erlijio guziei. «Errespetua erakusten da denak berdin tratatuz». Horregatik uste du nork bere izenean joan behar duela. Baina Morenok zuhur jokatzeko eskatu du: «Prozesiora nor bere izenean joaten denean, ordezkari publikoa izanda, ezin da nabarmendu, gainerako jendearekin ibili beharra dago».
Laikotasunera
Are, Morenok dio urrats gehiago eman behar direla instituzioek akonfesionaltasuna bermatzeko bidean. Haren aburuz, ez da ulergarria egitarau ofizialetan ekitaldi erlijiosoak agertzea. «Meza eta prozesioak tokian tokiko elizak eskaini beharko lituzke udalari baimenak eskatuta». Urrats horiek beharrezkotzat jo ditu pluraltasuna bermatzeko eta laikotasunean aurrera egiteko. Goia ekitaldiok egitarauan sartzearen alde dago, herritarrek «oso barneratuta» dituztelakoan.
Aranburuk onartu du aldaketak egin daitezkeela. «Tradizioak biziak eta aldagarriak dira. Ez dago arazorik eredu hori erabiltzeko; egungo gizarte demokratikoak eta akonfesionalak sartu ditzake elementu berriak, eta daudenak aldatu». Hori bai, aldaketak ezin dira kolpetik egin, haren ustez. Zenbat denbora behar den, tokian toki ikusiko da. Batzuek presa dute, eta beste batzuk denbora luzatzen saiatuko dira. Baina legea argia da.
